Marian Ibargoienen erakusketa Jalgi kafe-antzokian

Txintxarri Aldizkaria 2009ko eka. 12a, 02:00

Hilabete hasieratik Jalgi kafe antzokian ikusgai dauden koadroak Marian Ibargoien herritarrarenak dira.
Lasarte-Oria Bizilagunen Elkarteak antolatzen duen marrazki eta pintura ikastaroko ikaslea dugu eta ez da lehen aldia Jalgin bere lanak ikusteko aukera dagoena.
“Duela bi urte egin nuen lehenengoa Jalgin. Marrazki eta pinturara noa eta bertan, Maitek animatu ninduen erakusketa egitera,” adierazi digu Marianek.
“Kopiak dira nik egindako koadro guztiak. Faltsifikatzaile ona izan naitekeela diote,” gaineratu du.
Koadroak ikasturtean zehar egindakoak direla onartu digu, “ikasgelan egiten dut lan eta hiru edo lau egunetan koadro bat margotzen dut.”

Erakusketa

Afrikako kutsua dute ikusgai dauden lanek, “horrelako gaiak gustuko ditut eta Naturako postalak hartzen ditut eredu gisa. Baina eskura dudan edozer izan daiteke eredua, esate baterako, Donostiako paisaia egunkari batetik atera nuen.”
“Baserriaren koadroa, bestalde, eskaera bat izan zen, lagunek asko eskatzen didate koadroak egitea. Eta hori koadro baten argazki zahar batetik atera behar izan nuen,” adierazi digu.
“Hala ere, tonoak eta koloreak nik gustuko ditudanak edo egokienak iruditzen zaizkidanak erabiltzen ditut” azpimarratu du.
Baina Marianen lanez gain, erakusketan lagun baten bi koadro daude, “oso ongi marrazten du eta duela gutxi hasi da olio margoekin lanean. Erakusketan dauden bi loreak bereak dira. Pixkanaka eskua hartzen ari da eta primerako lanak dira.”