Zergatik saldu salgai ez dagoena, zergatik bota bota behar ez dena

Txintxarri 2009ko ekainaren 12a

Egun gutxi barru, edo gaur bertan, ekainaren 11a, Okendoko frontoia, itxita egongo da, mugatuta, edo besterik gabe, ez da egongo. Azken urte hauetan askotan esan digute bota behar dutela, baina eguna ez zenez iristen, bazirudien sekula ez zela gertatuko.
Orain dela hiru urte, Santa Ana egunean, parodiako antolatzaileek, Santa Ana Pala Txapelketari omenaldia egin zioten. Uztailaren 26ko gau hartan, Okendoko plazan bildu zen jendearen aurrean, plaka bat jaso genuen eta lau hitz esan genituen. Hitz horiek asko neurtu genituen, inor ez mintzeko, ez udaletxea, ez gure aurrean bildu zen jendetza. Gau hartan gure arrazoiak eman genituen, bota behar duten frontoia zergatik ez den bota behar adierazteko. Euskal Herriko herri gehienek hiru gauza dituzte, udaletxea, parean eliza, eta ondoan herriko frontoia. Baina Lasarte ezberdina da, ez hobeagoa ez txarragoa baina bai ezberdina. Gaur egun, EGUNERO, hogei bat gazte biltzen dira frontoiaren parean, euriak uzten badie, esku pilotan, palan, edo baloiarekin aritzeko, beraien gauzetaz hitz egiteko edo zer egin behar duten erabakitzeko. Baina herri erdian biltzen dira, kirola egiten dute eta ez dira leku batetik bestera joaten, badakite non aurkitu lagunen bat edo ezagunen bat izerdi pixka bat botatzeko.
Badakigu urtea bukatu baino lehen, frontoi berria martxan jarria edo bukatzeko egongo dela, baina ez da berdina izango, frontoi berriak ez du inoiz izango Okendoko frontoiak duen garrantzia.
Azken finean, jendeak egoera ezagutu dezan idatzi ditut lerro hauek, ezin baititugu lanak geldiarazi, eta gainera hori ez zen gure helburua. Gure helburua Santa Ana Pala Txapelketa Okendon jolastea zen. Orain bi aukera ditugu: Oriako frontoira joan, eta bakar bakarrik jolastu, oso jende gutxi hurbiltzen baita, edo Michelingo kanpoko frontoian jolastea.
Azkenean Michelingo frontoira joan beharko dugu, zeharo ezberdina den frontoi batetara. Urrun dago eta bertan ez dugu sekula jolastu.
Inoiz baino gehiago behar dugu jendearen laguntza, jendearen beroa eta zarata. Jendea baita gure txapelketa ezberdintzen duen elementua.
Ez nahiz gehiago zabalduko, inor ez aspertzeko. Espero dut gure haserrea ulertzea eta bakoitzak ahal duen neurrian laguntzea. Aldez aurretik, eskerrik asko.

Alain Etxebeste
Santa Ana Pala Txapelketaren arduraduna