Alkoholiko Anonimoak elkarteak 74 urte bete ditu eta urteurrenaren ospakizunean, aurreko astearte arratsaldean Kultur Etxean, alkoholarekin arazoak izan eta elkarte honen babesa jaso dutenak, hauen senideak eta arazoarekin interesaturik zeuden zenbait herritar elkartu ziren zenbait politikari eta ordezkari publikorekin batera.
Ekitaldian izan ziren Osakidetzako, Jaurlaritzako eta Udaletxeko ordezkariek, edateari utzi dioten zenbait herritarren testimonioak entzun zituzten eta bi aurkezpen ikusi. Batetik "eskailera" izeneko diaporama, pertsona batek edaten hasten denetik, alkohol kontsumoaren eraginez hiltzen den arte eraman dezakeen muturreko ibilbidea jorratzen duen lana eta ondoren "Azken Atea" Donostiako Larrotxene Kultur Etxeko dokumentalen tailerreko kide diren Xabi Vicente, Javier Herrero, Mikel Insausti eta Ioane Galarzak egindako filma laburra. Dokumentalean AA elkarteko zenbait kideren testigantzak, Alvaro Iruin medikuaren hitzak eta administrazioko ordezkari batzuen iritzia, tartean Lourdes Acevedo Lasarte-Oriako zinegotziarena, ikusi ziren.
Acevedok berak ere parte hartu zuen astearteko ekitaldian eta zinegotzi bezala daramatzan zazpi urte hauetan egindako lan guztien artean, bere iritziz, lorpenik handiena AA elkartearen Lasarte-Oriako taldeari Villa Mirentxun Ongintzak erabiltzen dituen lokaletako bat uztea izan dela esan zuen. Konfidantza handia omen du taldean. Udala eta elkarteak elkarrekin lanean segitzeko asmoa dutela plazaratu zuen.
Politikarien hitzak
Ekitaldian izan zen Celina Pereda, Jaurlaritzako drogomenpekotasunen arloko zuzendari berria ere. Aurreko astean izendatu zutela eta parte hartzeko gonbidapena bi aldiz pentsatu gabe onartu zuela esan zuen, "batez ere ikastera nator". Bere kezka azaldu zuen gazteen artean, alkoholak edo beste drogek daukaten zabalkundearengatik eta egingo duten drogomenpekotasunen plangintza berrirako guztien laguntza eskatu zuen.
Javier Herranz Osakidetzako zuzendaritzan diharduen medikuak gonbidapena eskertu, 74 urte bete dituen elkartea zoriondu eta Osakidetzaren izenean esan zuen laguntzeko prest dauden guztientzat ateak zabalik dituztela. Zenbait hausnarketa planteatu zituen: Alkoholismoa arazo handia dela, sendietan eragin handia duena; Kulturalki onartua batez ere aisialdi eta denbora pasa unetan, alkoholik gabeko jairik ez dela hemen; gehiegi edatea ez dela serio hartzen, mozkorrak grazia eragiten du; medikuen lana eta tratamendua erraza dela eta horregatik goraipatu zuen AAren lan garrantzitsua eta medikuekin elkarlana. Hauen lana laguntzea da, eta elkartekoek lagundu egin nahi dute, beraz bere iritziz erraza da ondo konpontzea.
Osakidetzako buru gisa esan zuen esperientzia interesgarria dela medikuak eta AA taldeak hartu-emanetan jarri eta elkar ezagutzea eta bide horretatik segituko dutela.
AAko ordezkariek adierazi zuten datorren urtean 1935ean AEBko Akron hirian bi lagunek sortu zutenetik 75 urte betetzen direla eta ahalegin berezia egingo dutela "gizarteari zabal zabalik dagoen errealitatea" leloa egi bihurtu dadin, eta gizartean AAko taldeei lan egiten utzi diezaioten.
Ekitaldiaren bukaeran ere izan ziren edateari utzi duten herritarren testimonioak. Batek jakinarazi zuen Lasarte-Orian prebentzio kontseiluan lanean ari direla, Eskola eta Kirol mailetan eta hitzaldiak antolatuz eta taldeak jarraitu dezala 75 urte eta gehiago.
Azken atea
"Azken atea" dokumentalean 1962ko "Ardo eta arrosen egunak" edo “Days of wine and roses” Jack Lemmon buruan duen filmeko irudiak eta hainbat testimonio tartekatzen dira. Alkoholaren eragin kaltegarriak aipatu ziren, fisikoak, mentalak eta mingarrienak emozionalak.
Filmean ikusten zenez, arazoa ukatu egiten da erabat harrapatu arte, pixkanaka okerrera egiten du gaixoak, baina ez du arazorik ikusten eta somatu arren, ez dio behar duen garrantzia ematen, behea jo arte. Alkohola hartzea bakardadearekin lotzen dute, eskutik helduta doaz, testimonio batean esan zenez: AAra deitu eta jada ez zaude bakarrik. Bestalde AAko kideen ustez, elkartea medikuntza eta zientzia iristen ez diren lekuetara iristen da, beste batzuek ematen ez duten konponbidea ematen du.
Elkarteko kide batek jakinarazi zuen, 39 talde direla Gipuzkoan, eta arlo ezberdinetan ari direla lanean, esaterako Martuteneko kartzelan, lan munduan hasi dira murgiltzen, Udalbatza, Guraso elkarte, eritetxe eta abarrekin lan egiten dute,...
Era berean biltzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu zuten, antzera dabiltzan beste batzuekin hartu-emanak izatea oso lagungarri dela alegia. Berriro gurpilean erortzeko arriskuaz ere mintzatu ziren, behin trago bat hartuz gero, jada berriro geratuko denik ezin dela ziurtatu azpimarratuz.