Iniziatibak ezik, beste alderdi guztiek behera egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2009ko ekainaren 12a

Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak ere alde handiarekin irabazi ditu PSOE alderdiak Lasarte-Orian. Guztira, 2.683 boto lortu ditu, hala ere, lau urteko datuekin konparatuta 112 boto gutxiago. Bigarren indarra Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna izan da 941 botorekin. Duela lau urte baliogabetan sartu zituzten ezker abertzalearen botoak, eta 829 zenbatu zituzten orduan. Beraz, ezker abertzaleak gora egin du herrian. Hirugarren indarra EAJ izan da, 895 botorekin. Jeltzaleek ere behera egin dute, 171 boto gutxiago lortuz. Laugarren indarra PP izan da, 852 botorekin. Duela lau urte baino 152 boto gutxiago lortu ditu PPk herrian. Jarraian dator Aralar-EA koalizioa 294 botorekin. Duela lau urte bakoitza bere aldetik aurkeztu zen, eta biek batera 449 boto jaso zituzten (EAk 375 eta Aralarrek 41). Beraz, horiek ere behera egin dute. Ezker Batuari ere berdin gertatu zaio. Igandean 100 boto eskuratu zituen Lasarten, eta 2004an, 257. Ondoren dator UPyD alderdia, 61 botorekin. Duela lau urte ez ziren aurkeztu. Beste alderdi batzueri dagokienez, aipatu Europako Berdeek (LV-GVE) eskuratutako 36 botoak, eta mundu justuagoren aldeko alderdiak (PUM+J) lortutako 16ak. Animalien tratu txarren aurkako alderdiak ere (PACMA), 16 boto jaso ditu Lasarten, eta alderdi antikapitalistak (IZAN-RG) 15.

Abstentzioa handia
Aipagarria, bestalde, izandako abstentzioa handia. Izan ere, 14. 298 laguneko erroldatik 8.265k ez zuten botorik eman joan den igandean. Ehunekotan %57,81ekoa izan da abstentzioa. 2004an, berriz, %56,35ekoa. Beraz, argi geratu da Europak oraindik ez duela lasarteoriatarren interesa behar adina pizten. Bukatzeko, boto zurien kopuruak ere gora egin du, 31tik, 50era alegia.