Atzo XXI. Dantzari Txiki Eguna ospatu zen Lasarte-Orian. Faltzes, Urretxu, Zangotza eta Oreretako taldeak etorri ziren eta kalez kale ibili ziren dantzan herriko Landaberri eta Erketz Txiki taldekoekin batera. Guztira ia 200 bat ume inguru bildu ziren herrian dantzan, erdiak baino gehiago Lasarte-Oriako neska mutilak. Batzuk Erketz-txiki taldekoak eta gehienak Landaberriko dantza taldekoak.
Aurten, Okendon egiteko aukerarik ez zaie eman eta Andatza plaza izan da dantzarien bilgunea. Goizeko 10:30ak inguruan denak elkartu ziren plaza honetan gero goizean erdigunean eta auzoetan kalez kale ibiltzeko. Musika eta dantzarekin herriko hainbat toki girotu zituzten, talde bakoitzak bere ibilbidea egin zuen eta. Herritar ugari izan zen haurren erakustaldietaz gozatzen.
Hainbat herritarrek eraman zituzten etxera haurrak bazkaltzeko eta gero arratsaldean, jada ez ziren Andatzan bildu. Goizean euri tanta batzuek egin zituenez arratsaldeko jaialdia Michelinen egitea erabaki zuten antolatzaileek. Gutxi gorabehera 17:00etan alardea egin zuten eta ondoren 17:00tik aurrera talde bakoitzaren emanaldia.
Dantza talde guztiek eskaini zituzten euren dantza saioak Amalur trikiti taldeko musikarien laguntzarekin. Zinta dantza, makil dantza eta arrantzale dantza erakutsi ziren beste askoren artean. Dantza giro bikaina izan zen atzo egun guztian zehar, goizean kalean eta arratsaldean Michelinen. Gainera herri musika nonahi entzuten zen.
Amaieran, parte hartu zuten taldeek oroigarriak jaso zituzten eta hasi bezala kalejiran bukatu zuten eguna dantzari gazteek 19:00ak aldera. Giro polita sortu zen eta jende asko gerturatu zen Michelinera txikien dantzak ikusteko.