Alberto Udabe squash-ean txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2009ko ekainaren 15a

Alberto Udabe izan da 2009ko Lasarte-Oriako Squash txapelduna, Agustin Erkizia gaindituta. Lehen bi set-etan 15-8 eta 15-3 nagusitu zen Udabe, min hartuta jokatzen ari zen Erkiziaren aurrean, eta honek zegoen baldintzatan ez jarraitzea erabaki zuen. 3 postua eta kontsolazio saria erabakitzeko partiduak estuagoak izan ziren, eta bost set-etan erabaki ziren. Kinin Kalbo izan da hirugarren Aitor Reyes laugarren, eta Kontsolazioko finalean Iker Cañedo nagusitu zen Jose Ramon Urruzola beteranoaren aurrean.

Aurtengo Squash txapelketaren berezitasuna kirol lesio eta zaintiratuak izan dira. 13 lagunek parte hartu dute eta martxoan txapelketa hasi zenetik batek baino gehiagok hartu du min. Finalak ere ez zuen behar duen distirarik izan, Agustin Erkiziaren lesioak ilundu zuen norgehiagoka eta ez zen horregatik bikaina eta ikusgarria izan.
Alberto Udabe lehen aldiz sartu da aurten finalean, eta bere aurkari baina lagunaren egoerari esker erraz nagusitu zen lehen bi set-etan, 15-8 eta 15-3. Erkizia ez zegoen jarraitzeko moduan eta partidua bertan behera uztea erabaki zuen. Beraz hirugarren zatia jokatu gabe txapela Udaberentzat izan zen. Partidaren amaieran pena zuen ez zutelako norgehiagoka estu eta on bat eskaintzeko modurik izan. Nahiago zuten final lehiatu eta gogorragoa baina ez zen posible izan.
Larunbat arratsaldean polikiroldegian jokatu ziren beste bi finalak estuagoak izan ziren. Esan bezala 13 kirolarik jokatu dute txapelketa azken lau hilabeteotan eta lehen fasearen ondoren lauren artean erabaki da txapela. Beste bederatziek kontsolazio saria jokatu dute euren artean eta larunbatean Jose Ramon Urruzola eta Iker Cañedoren artean jokatu zen bigarren sariketa honetako finala. Urruzola beteranoa oso ondo hasi zen eta lehen bi set gogorrak 17-15 emaitza berberarekin irabazi zituen, baina gazteak ez zuen etsi eta beste hirurak 8-15, 12-15 eta 12-15 beretzat izan ziren.
Finalaren ondoren jokatu zen hirugarren postua erabakitzeko lehia. Hau ere oso gogorra izan zen eta Kinin Calvo nagusitu zen Aitor Reyes-en aurrean azkenean bost lehia esturen ondoren 10-15, 15-12, 17-16, 12-15 eta 15-12. Hirugarren setean izan zen gakoa eta tanto erabakiorra, 17-16 izan zen Kinin Calvo hirugarrenaren alde. Oso berdindua izan zen partidu osoa eta oso nekatuta bukatu zuten biek. Bosgarren setean beti aurretik joan zen Kinin, baina Aitorrek hainbat aldiz berdindu zuen markagailua. Beraz finalak eduki ez zuen distira beste bi partidatan ikusi zen.