“Bizikleta utziko banu hil egingo nintzateke”

maria-agirre 2009ko eka. 15a, 02:00

Bizikletan ibiltzea da Jose Manuelen afizioa. Lasarte-Orian bizi den oriotarra da eta 69 urte betetzear, bizi guztia bizikleta gainean pasa du. Gaztea zela hasi zen bizikletan, eta afizionatu mailan korritzera iritsi zen. Gero, Michelinen lanean hasi, eta txirrindulari probak korritzeari utzi zion. Afizioa, baina, ez zuen alde batera utzi, eta bi gurpilen gainean jarraitzen du. Eta sariak ere jaso ditu. Azkena, ekainean bertan Asturiasen.

Noiztik bizikleta gainean?
Uff!!! Uste dut 1956an hasi nintzela. Orduan ez nuen bizikletarik ere, dirurik ez zegoen eta. Norbaiti kendu, eta ahal moduan ibiltzen ginen. Azkenean, dirua aurreratu, eta bizikleta erosi nuen. 2.500 pta kosta zitzaidan lehenengo bizikleta, baina, Oriotik Lasartera etorri, eta ez zidaten bizikleta lapurtu ba! Hurrengoa erosteko, berriro ere dirua aurreratu behar.

Afizionatu mailan aritu zinen.
1957tik aurrera ibili nintzen bigarren mailako afizionatutan hiru urtez. Hain zuzen 59an, Zumaian, txapeldunorde geratu nintzen bigarren mailako afizionatu mailan. Hurrengo urtean, 60an, Mondragoen, mendiko txapelketa irabazi nuen. 350 pta. eman zidaten, eta ez gastatzearren, bizikletaz itzuli nintzen etxera, Oriora. Pentsa, 100 kilometroko proba egin Mondragoen, eta sariak gainean hartu eta bizikletaz etxera!

Gero etena etorri zen.
Bai, Errenterian talde batean hasteko aukera izan nuen, txirrindulari onekin gainera. Baina etxean ez zidaten utzi. Dirua behar zen, eta Mitxelinen lanean hasi nintzen. Urte batzuk geroago, autoeskola ireki nuen Lasarten. Bizikleta, baina, ezin utzi, eta zikloturista hasi nintzen. Orduan deitu ziguten Asturiastik klub berria eta proba bat antolatu zutela esanez. Michelin lantegian bazen zikloturisten taldea, eta Asturiasera joaten hasi ginen. 1978an izan nintzen Asturiasko proban lehenengo aldiz, eta, ordutik, urtero-urtero. Ez dut hutsik egin.

Eta aurten errekonozimendua etorri da.
Bai, ohorezko bazkide egin naute. Oso pozik hartu dut saria.

Zein proba izaten da Asturiaskoa?
Ruta de la Reconquista deitzen da. Urtero toki desberdin batean hasten da, eta 3-4 egun irauten ditu. Aldapa ugari igo behar izaten da, bederatzi mendate gutxi gorabehera. 400 kilometroko proba izaten da,eta ehun bat lagunek parte hartzen dugu.

Besterik egiten duzu?
Joan den abenduan Kanarietan izan nintzen. Picos de las Nieves igo genuen, oso gogorra izaten da. Han brotzezko saria eman zidaten, 65 urtetik gorakoen mailan. Oso ondo pasa nuen. Marino Lejarreta ere bertan zen, laguna dut Marino. Claudio Chiappucci ere bai, hori ere oso gizon sinpatikoa.

Zein txirrindulari duzu gustuko?
Gaur egun, Alberto Contador. Lehen, berriz, Marino Lejarreta, Miguel Indurain, Perico Delgado.
Gaur egun txirrindularitza asko aldatu da.
Ez dakizu lehen nola ibiltzen ginen! Janaria gainean, platanoren bat eta azukre koskorrak, ura ere bai, gurpilak zulatzean guk geuk konpondu behar genituen... ez genuen atzean kotxe bat laguntzeko. Gaur egun jubenilak ikusten dituzu, eta beno! Lehengo profesionalak ibiltzen ziren horrela.

Bizikleta alboratzeko asmorik ez duzu.
Pentsatu ere ez! Bizikleta utziko banu hil egingo nintzateke. Behar dut bizikletan ibili. Uneren bat dudan bakoitzean errepidera ateratzen naiz. Iaz 12.000 kilometro egin nituen, duela bi urte ere antzera. Egunero-egunero ibilitako kilometroak apuntatzen ditut.