Lasarte-Oriako Plastic taldeak, eta Madrilgo Son Of The Rock-ek irabazi dute aurtengo maketa lehiaketa.
Sari banaketa uztailaren 1ean egingo da, San Pedro jaietako egitarauaren barruan. Egun horretan kontzertua eskainiko dute bi taldeek, eta saria ere jasoko dute.
Epaimahaiko kideen ustez, Son Of The Rock talde madrildarrak aurkeztutako maketa izan da onena. Era horretan, 1.000 euroko saria jasoko du rock taldeak. Herriko taldeei ematen zaien saria, berriz, Plastic taldeari egokitu zaio. 700 euro jasoko du pop estiloko musika egiten duen talde lasarteoriatarrak.
Dirulaguntzekin, diskoa grabatu eta euren burua ezagutzera emateko aukera izango dute sarituek.
Arrakasta handia
Udaleko Gazteria eta Jaietako sailak antolatzen du musika taldeentzako maketa lehiaketa, eta aurtengoa bigarren edizioa izan da.
Guztira 83 musika talde aurkeztu dira lehiaketara, eta antolatzaileak oso pozik daude kopurua urtez-urte handituz doala ikusita. Izan ere, aurreko edizioan 24 talde aurkeztu ziren, eta aurtengo edizioan kopurua hirukoiztu egin da.
Herriko taldeei dagokienez, bost taldek aurkeztu dute maketa, Euskadikoak, berriz, 15 izan dira. Gainontzekoak estatukoak zein atzerrikoak. Hala nola, Granada, Valentzia, Madril, Bartzelona, Las Palmas, Murtzia, Santiago de Chile eta Buenos Airesko musika-taldeen lanak iritsi dira herrira.