Andaluziako giroa Isla plazan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko ekainaren 15a

Semblante Andaluz elkarteak antolatutako XVII. Rocioko Erromeria izan zela eta, herriko kaleetan sevillanaz jantzitako jendea ikusi ahal izan genuen atzo. Isla plaza inguruan urdaiazpikoak, fino ardoak, sevillanak, andaluziako banderak,... inguru haietako erromeriarekin lotutako musika eta giroa izan zen nagusi atzo egun osoan zehar.
Goizean hasi eta ilundu artean festa egin zuten Lasarte-Oriako andaluziarrek. Semblante andaluzek txosna jarri zuen eta Rocioko anaiarteak herrian duen ordezkaritzak mahaia. Isla plazako mahai guztietan zen hango ardo goxo botilaren bat eta urdai azpiko osoa, goizean hasi eta egun osoan dastatu zutena.

Talde gonbidatuak

Errenteriako C. Andaluz Aljarafe eta C. Concha Rociera, Arrasateko Alegria de la Sierra eta Andoaingo Asociación Triana izan ziren gonbidatu moduan Lasarte-Oriara etorritako elkarteak. Bakoitzak bere txokoa izan zuen eta arratsaldeko jaialdian parte hartu zuten.
Arantzazuko Amaren Parrokira jeitsi ziren guztiak Ama Birjinaren bila, ondoren meza rocieroa Semblante Rociero abesbatzaren eskutik. Bukatutakoan, Ama Birjinaren irteera egin zuten Isla plazaruntz.
Bazkaria baino lehen, Semblante Rociero korua, Alegria de la Sierra taldea eta Aljarafe elkarteko koruak emanaldia eskaini zuten.
Ohorezko ardoa ere eskaini zitzaien Isla plazan zeuden gonbidatu eta herritar guztiei.

Dantzarik dantza

Semblante Andaluz eta gonbidatutako elkarteen ekitaldiekin alaitu zen arratsaldea.
Herriko Zambra, Sentimiento, Mari Carmen Vegaren taldeak eta Amaia Gonzalez akademiako ikasleen taldeak izan ziren oholtza gainera igo ziren batzuk.
Bukatutakoan oroigarriak eman zizkieten ekitaldian parte hartutako taldeei etadantzaldi herrikoia egin zuten. Giro bikaina izan zen.
Isla plazan, adin guztietako jendea gerturatu zen eta asko musika entzun orduko dantzan hasten ziren.
21:00ak aldera amaiera eman zioten antolatzaileek erromeria egunari.•