Oinatz taldea Gaubean barrena

Txintxarri Aldizkaria 2009ko ekainaren 15a

Oinatz taldeak ekainaren 6 eta 7an asteburu pasa egin zuen Gaubea edo Valdegovia aldean. Valderejo parkea, Añanako gatzagak edo Nerbioi ibaiaren jaiotza, ibilbide eta leku interesgarriak ikusi zituzten Araba aldean eta bertako kondaira, ohitura eta hainbat berezitasun ere ezagutu zituzten. Nahiz eta eguraldiarekin solasean ibili, asteburu paregabea igaro zuten irteeran parte hartu zuten herritar guztiek.

Oinatz taldeak orain arte egun bateko txangoak egin baditu ere, hauek alde batera utzi eta ekainaren 6 eta 7an Arabako Gaubea edo Valdegoviako eremuan barrena egin zuten astebururu pasa.
Valderejo parkea izan zen Oinatz taldeak egin zuen lehenengo bisita. “Eguraldi ona izan genuen parkean ibiltzeko. Leku paregabeak daude bertan,” adierazi digute taldeko kideek.
Bazkaria parkearen sarreran egin eta Villanañera joan ziren Varonatarren Dorrea ikustera. Oinordeko batek azaldu zizkien dorretxeko berezitasunak. “Bertan ikustekoak dira kutxa bilduma zeramika erakusketa, paretetan jartzeko margotutako paperen bilduma eta oso kuriosoa da emakumeentzako duten Quixotearen argitalpena,” azaldu digute.
Kanpinera hurbildu baino lehen, Añanako gatzagak ezagutzeko aukera izan zuten Oinatzeko lagunek.
Añanako gatzagetan euria egin zien arren, bertako gidariari esker gatzagei buruzko bitxikeri ugari ezagutu zituzten, esate baterako, bertan sortzen den ura zergatik den hain gazia, gatzagako terrazak zergatik diren egurrezkoak eta abar.
Gainera, gatzaga hauetan bizi den izkira berezia ezagutu zuten, Artemia parthenogenetica krustazeoa. “Gatz dentsitate handia dagoen putzuetan bakarrik bizi da izkira hau eta sexu bakarrekoak, emeak dira,” aipatu digute.
Kanpinera iritsi eta afaldu ostean, gaubela txikia egin zuten.

Nerbioi ibaiaren jaiotza

Igande goizean, Angostoko Santutegiaren txanda izan zen. Baina meza orduan iritsi ziren Oinatzeko lagunak eta ezin izan ziren sartu. Horren ordez, 1983ko uholdeek utzitako marka ikusi ahal izan zuten lurretik 6 metrotara.
Nerbioi ibaiaren jaiotza ikustera joan ziren jarraian Santiago mendira, baina lehenik artzainek otsoak harrapatzeko erabiltzen zituzten otsotegiak ikusi ahal izan zituzten eta Oinatzeko kide den Gotzonek azalpenak eskaini zituen.
Nerbioi ibaia ur gabe ikusi zuten Oinatz taldeko kideek, baina “honela urak eta izotzak sortutako zirkoa ederki ikusi ahal izan genuen”.
Azkenik, Orduñara egin zuten bisita: Bizkaiko herrixka hau Arabako lurraldean dago eta Gaztelarekin muga izanik, aduana herria izan da. Herria bisitatu, plazan eseri eta herriaren eta aduanaren historia entzun zuten Oinatzeko lagunek. Eta asteburu ezin hobea igarota etxera poz pozik bueltatu ziren.•