Giro onean egin zen Landaberrin urteroko jaialdia

Txintxarri Aldizkaria 2009ko ekainaren 15a

Landaberrin larunbatean burutu zen ikasturte amaierako festa eta jaialdia giro bikainarekin burutu zen. Musika, dantza eta giro ona nabarmendu ziren egun osoan, eta guraso asko hurbildu zen ikastolara euren haurren erakustaldiak ikusi eta egun osoko egitarauaz gozatzeko. Bazkaldu aurreko musika emanaldia, bazkaria eta bazkalostean izan zen giroa nabarmendu daitezke baina beste ekitaldietan ere partehartzea zabala izan zen.
Goizean, ikasle, irakasle eta gurasoak txirringan itzuli bat eman zuten. Gainera egun osoan, gurasoek umeek egindako eskulanak ikusteko aukera izan zuten.
Eguerdian Landaberri ikastolako anfiteatroan ikasleek Jon Lasa musika irakaslearekin batera emanaldi bikaina eskaini zuten. Hainbat taldek parte hartu zuten eta trikitilari edo txirularien laguntzarekin abesti, jolas eta dantza ugari eskaini zituzten ikastolako haurrek.

Bazkalostean giro ona

Bazkalostean, giro bikaina izan zen: batetik elkartu zirenak kantuan aritu ziren eta bestalde geroago erromeria izan zen.
Arratsaldean, DBHko ikasleek zenbait joko prestatu zituzten beste haurrentzat. Bestalde, arratsaldean beste ekitaldi bat burutu zen. Arratsaldeko emanaldian, batetik euskal dantzak eskaini zituzten ikasle txikienek eta gimnasia erritmikoan aritzen direnek ere urtean zehar ikasitakoa erakutsi zuten. Beste batzuek musean eta tokan aritu ziren.
Kanpoan lehen hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailakoek sorgin dantza eskaini zuten eta erromeriarekin amaitu zen Landaberri ikastolaren festa.