Sorgin jaiak batzordeak gogor salatu du Udalaren jokabide hori eta 1997ko legearekin lotzen du, "han zehazten zen Udalak duela txosnak non eta zein baldintzatan jarri erabakitzeko eskubidea eta orain ikusi da, ez txosnak bakarrik, erdiguneko giroa ere nahi duen lekura eraman dezakela".
Bestalde, Sorgin jaiak batzordeak prentsa aurrean aldarrikatu zuen ez dela eraso sexista, arrazista eta homofobikorik onartuko eta Bilgune Feministarekin batera prestatutako prebentzio eta erantzun neurrien berri eman zuen. Aurten, emakumeen aurkako edozein erasoren aurrean protokolo bat zehaztu dute.
Berrikuntzak
Batzordeak txosnen gunean izango diren zenbait berrikuntzen berri ere eman zuen, garrantzitsuena gune estali bat jarriko dela: "Eguraldiarekin ezin da inoiz fidatu" eta ekitaldi txikiagoak egiteko aukera emango du. Goitibeheren aurretik egingo den Zabaletara kronoeskalada, igande gauean karaokearen ondoren egingo den Altxorraren Bila jokoa eta lehen eguneko Herri Arteko Olinpiadak dira beste berrikuntza batzu.
Eta azkenik puntako kontzertuak eskaintzeko egindako ahalegina nabarmendu zuen Batzordeak, Lasarte-Orian izango diren Mak, Ze esatek, Laket eta herriko taldeak aipatuz.