Okendo plaza ixteko Udalak hartu duen erabakia ez du batere egoki ikusi Sorgin Jaiak batzordeak eta gogor salatu du: "obrak noiz hasiko eta orain, hain juxtu jaiak hasi baino 15 egun lehenago." Batzordeko ordezkarien ustez, "herri honetako jaiak behin eta berriro oztopatzen saiatu dira; erdigunetik eta euskaldun girotik urruntzen; jai parte hartzaile eta beste era bateko eredu baten alde egin beharrean, ikuskizunak bultzatzen; eta hau, jaiak herritik urruntzeko beste adibide bat izan da."
Sorgin Jaiak batzordeak gogor salatu du Udalaren jokabide hori eta 1997ko legearekin lotzen du, "han zehazten zen Udalak duela txosnak non eta zein baldintzatan jarri erabakitzeko eskubidea eta orain ikusi da, ez txosnak bakarrik, erdiguneko giroa ere nahi duen lekura eraman dezakeela."
Beraz lege hori aldatzeko eta lege berri bat adosteko eskatzen du Sorgin jaiak batzordeak. Bestalde, Udalarekin adostutako hitzarmen baten berri eman zuen batzordeak, Udalak ez duela bete salatuz. "Beraiek antolatutako ikuskizun batzuk ez oztopatzeko eskatu ziguten, Pirritx eta Porrotxen emanaldia asteazkenean ez jartzeko, kontzertu batzuk ere aldatu behar izan ditugu eta aldiz, Udalak ez du hitz bat bera ere bete. Anbulatorio zaharra bota egingo zutela esan ziguten eta ez da bota. Hori ere salatzen dugu. Konpromezuak ez daitezela soilik alde bakarrekoak izan."
Eta bestalde, Sorgin jaiak batzordeak prentsa aurrean aldarrikatu zuen ez dela eraso sexista, arrazista eta homofobikorik onartuko eta Bilgune Feministarekin batera prestatutako prebentzio eta erantzun neurrien berri eman zuen. Aurten, emakumeen aurkako edozein erasoren aurrean protokolo bat zehaztu dute.
Berrikuntzak
Batzordeak txosnen gunean izango diren zenbait berrikuntzen berri ere eman zuen, garrantzitsuena gune estali bat jarriko dela: "Eguraldiarekin ezin da inoiz fidatu eta.” Ekitaldi txikiagoak egiteko aukera ere emango du. Goitibeheren aurretik egingo den Zabaletara kronoeskalada, igande gauean karaokearen ondoren egingo den Altxorraren Bila jokoa eta lehen eguneko Herri Arteko Olinpiadak dira beste berrikuntza batzuek.
Eta azkenik puntako kontzertuak eskaintzeko egindako ahalegina nabarmendu zuen Batzordeak, Lasarte-Orian izango diren Mak, Ze esatek, Laket eta herriko taldeak aipatuz.
Txupina botatzeko AEK aukeratu bada, aurten Korrikak denok kutsatu gaituelako, izan dela esan zuten: "herri bat mugitzeko gai izan dira eta aurten euskararen aire frexkoak kutsaturik urte guztirako indartu eta euskaraz hitzegitera bultzatu gaituzte." Sorgin jaien hizkuntza ere euskara izango dela aitortu zuen batzordeak eta egitaraua ere euskaraz banatu dute. AEKko ordezkariak adierazi zuen ohore handia dela eurentzat txupina botatzea eta ikasle guztiei festatan parte hartzeko eskatu zien.