Okendo plaza eta markako arropak bertsopaper lehiaketako izarrak

maria-agirre 2009ko ekainaren 19a

Joan den astelehenean banatu zituzten aurtengo bertsopaper lehiaketako sariak. Kultur etxean egindako ekitaldian, Landaberriko eta Sasoetako hainbat ikasle elkartu ziren. Sari banaketa ekitaldian ere bertsoak izan ziren nagusi. Ane Labaka eta Beñat Iguaran aritu ziren bertsotan, aurkezle eta antzezle lanetan, berriz, Amaia Amiano eta Enara Ieregi. Antzezleak gai-jartzaile aritu ziren, eta Anek zein Beñatek bertso-sorta eskaini zieten ekitaldira joandako gaztetxoei. Giro ona izan zen, eta ez ziren Okendo plazaren inguruko bertsoak falta izan. Ttakun elkarteko Edu Galardik, eta Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko buruak, Ricardo Ortegak parte hartu zuten XVI. bertsopaper lehiaketako sari banaketan. Epaimahaikideak, berriz, Lasarte-Oriako bertso eskolako kideak izan dira.
Irabazleen zerrenda honako hau da: lehen hezkuntzako sariei dagokienez, aipamena honako hauek jaso zuten: Landaberri ikastolako Leire Ruizek eta Julene Illarramendik, eta Sasoeta ikastetxeko Paula Carballo eta Alicia Hernandezek. Lehenengo saria, ordea, Landaberriko Sara Pavo Beldarrainek, eta Sasoetako Sara Araneu, Leire Tejedor, Cristina Rebollo eta Leire Valdiviak jaso zuten. Bigarren hezkuntzako aipamena, berriz, Landaberriko Lierni Arozenak eskuratu zuen, eta lehenengo saria, Maider Galardik.

Antolatzaileak pozik
Antolatzaileak pozik daude, ehun lan baino gehiago jaso dituzte-eta. Kopurua bikaina dela uste dute. Okendo plaza, Internet, udako oporraldia eta markako arropak izan dira aurtengo bertsopaper lehiaketako gaiak. Bereziki, Okendo plaza eta markako arropen gaia aukeratu dituzte parte-hartzaileek.