Kirol elkarteen egoitza berria Osasun zentroko eraikinean

Txintxarri Aldizkaria 2009ko ekainaren 19a

Lasarte-Oriako Udalak Beko kaleko Osasun zentro berriko 2. solairuko hainbat lokalen erabilpen hitzarmena sinatu zuen asteartean herriko lau kirol elkarterekin.
Lasarte-Oriako Udalaren izenean, Iñaki Mugika alkateordea eta Jesus M. Zaballos Kiroletako batzorde burua egon ziren sinadura ekitaldian.
Elkartei dagokienez, Jesus Diez Lasarte-Oriako Kirol Elkarteko lehendakaria, Puy Solano Buruntzaldeko Igeriketa taldeko ordezkaria, Jose Cantos Texas Lasartearra futbol elkarteko lehendakaria eta Alex Urkiola Bazpi txirrindularitza eskolako lehendakaria egon ziren.

Baldintzak
Jesus M. Zaballosek azaldu zituen hitzarmeneko hainbat xehetasun.
“Herriko elkarteei eskaini genizkien Beko kaleko eraikuntza berriko lokalak eta lau elkarte hauek erantzun zuten deialdira,” adierazi zuen Zaballosek.
“Hitzarmenean dioen bezala gizarte egoitza moduan erabiliko dute lokala, beraz, elkartearen administrazioarekin zer ikusi duten lanak egingo dira bertan,” azaldu zuen.
“Lokalen mantentze lana, argi indarra eta ekipamendua, Udalaren esku egongo da, baina garbiketa eta guztia egoki egotea elkarteen esku egongo da,” gaineratu zuen
Honetaz gain, hitzarmenaren iraupena eta arautzen duten klausulen aldaketa, Lasarte-Oriako Kirol Udal zerbitzuek erabakiko dutela edo beste elkarte batek lokala eskatzen duenean iraupen hori murriztu daitekeela azpimarratu zuen.

Ordutegia
Era berean, “jendearen sarrera eta irteerak arautzen dituen ordutegia ezarriko dugu. Izan ere, 2. solairu horretan KIUB, Udal Euskaltegia, Jalgune eta kirol elkarteak egongo dira eta bertan ibiliko den jende kopurua handia izango da,” aipatu zuen Jesus M. Zaballos.