“Musikaz baliatuz norbanako moduan hobetzea da gure helburua”

Nerea Eizagirre 2009ko eka. 19a, 02:00

Gaur hasi eta igandera arte, Sakanako Lakuntza herrixka musikaz eta gaztez beteko da, 10. Hatortxu rock jaialdia dela medio. Betagarri, Gatibu, Koma, Berri Txarrak edota Habeas Corpus dira euskal preso politikoen kolektiboa sustengatzeko ospatuko den jaialdian parte hartuko duten talde eta bakarlarietako batzuk. Lasarte-Oriako gazteak ere bertan izango dira noski, baina ez jaialdia ikusteko soilik, baita jaialdian parte hartzeko ere. Izan ere, Karratua Borobila Da herriko taldeak igandean, Hatortxu Egunaren baitan arratsaldeko 15:00etan Herri gunean kontzertua eskainiko baitu. Aitzol eta Aroa Lasa, neba arrebekin bildu gara Karratua Borobila Da proiektuari buruz hitz egiteko eta bien arteko solasaldiaz gozatzeko aukera izan dugu.

2007 bukaeran sortu zen haiek sentimendutzat definitzen duten proiektua, Karratua Borobila Da.
Hainbat musikari eta lagunen arteko sinbiosia da Karratua Borobila Da," esan digu Aitzolek. ". Ez gara ez bat ez bi, ez hiru", gaineratu du Aroak, "proiektuaren haseratik bertan parte hartu duen orok osatzen du KBD, entzuletik hasi eta zuzenean jotzen ibili garen musikarienganaino. Adierazteko geneukana uztartzeko bidea izan da".

Sorrera
Proiektuaren sorrerari buruz galdetu eta hauxe erantzun digute: "alde batetik musikari moduan, Txakurrak bukatu ostean beste zer edo zeren beharrean geratu nintzen. Parean tokatzen zenarekin astean zehar edo aste bukaeretan ez dakit nora jotzera joateko aukera izaten jarraitu nahi nuen, musika sorkuntzaz gozatzen jarraitzeko. Bizitzako egoerak, barnean ditugun kontraesanak, barne borrokak… horri guztiari aurre egin eta nolahala bideratzeko erabili genuen Karratua Borobila Da ," adierazi digu Aitzolek. Hainbat kantua atera ziren, eta orduantxe bateria ikasten hasi berri ziren ikasleekin osatu genuen zuzenerako lehen formatoa. Honela, Lierni, Leire, Aloña, Olaia eta Maialen KBD bihurtu ziren."

Autoekoiztutako diska
Kantak sortzearekin batera, autoekoiztutako lana gorpuzten hasi ziren. Interesgarria iruditu zitzaigun kantuak lantze aldera, hauek grabatu ahal izatea.
Aitzolek azaldu digu prozesua, "audioa grabatu eta editatzeko egun teknologia berrien eskutik dauden bitartekoak erabili genituen horretarako; Egoitzek, soinu teknikoa den herriko lagun batek, grabatzeko softwarea pasa zidan eta honela hasi ginen doinuekin frogak egiten, lana prestatzen. Egun grabaketa nahiko txukun bat egiteko ez da bitarteko garestiegirik behar. Etxean hainbat grabaketa egin ostean, soinua balekoa zela ikusi eta kantuak grabatzeari ekin genion. Hilabete luzetako lana izan zen prozesu hau, baina denborarekin gure lehen lana izango zenak, Ahalmenak, ahaleginak eta ezinak-ek itxura hartu zuen.
Prozesu osoa autoekoizpen eta autogestioan oinarritu zuten. "Egun dauden bitartekoak erabiltzen ikasiz gero, prozesu guztia musikariak berak kudea dezake, grabaketatik hasi eta kopiak egiteraino. Behin oinarri bat egina zegoenean, Usurbilgo Iker perkusiojolea eta Hernaniko Monika pianojolearen laguntzaz lana borobildu genuen, eta halaxe geratu zen".
"Grabatutakoan, etxean kopiak egin, azala etab. diseinatu, hauek tolestu, cdak muntatu… behar izan genituen. Egoitzek Cdaren gaileta inprimatu zuen eta hori izan zen lana prestatzeko prozesuaren nondik norakoa guztia," amaitu du. "Egun honelako lan bat egiteko aukerak eskuragai dira, bitarteko profesionalik izan gabe".

Taldearen garapena
Maialen izan zen hasierako abeslaria eta egun Aroa dago lan honetan. Haiek ez dute aldaketa moduan ikusten, taldearen garapen moduan baizik. "Aurretik ere esan dugu, KBD talde soil bat baino gehiago jende zehatz baten arteko sinbiosia izan dela. Maialen, Leire, Aloña, Lierni, Olaia, Tito…jende asko izan da gure inguruan proiektu hau gorpuzteko bidean. Honez gain, Aroa eta biok betidanik elkarrekin abestu izan dugu. Tripa beretik sortu eta gure ahotsak oso ondo egiten dute bat," gaineratu dute.

Textuen garrantzia
Abestien gaietaz galdetzean, "Karratua borobila da proiektuaren mamia hitzetan dago," aitortu dute.
"Ni bat nator horrekin. Pertsonalki, ene ustez musikak garrantzia handia du, baina textu potente batek ere bai. Mezu zehatza duten letrak egiten saiatzen gara, mezu sakondunak eta horren zuzenak ez direnak. Hausnartzeko balio dutenak," azaldu du Aroak.
"Musika eraldaketa sozialerako bitartekotzat erabiltzen dugu. Gure gozamenerako, gure ihesbide moduan, baina era berean, jendeari zerbait esateko asmoz. Nik behintzat sorkuntza horrela ulertzen dut, pertsonak pentsa dezan, eguneroko egoerak hausnartu eta eraldatzeko," adierazi du Aroak.
"Edozein sorkuntza, eraldaketako tresna izan daiteke. Karratua Borobila Da-ren letrak, poesia izaten saiatzen gara, baina era berean pisu emozional eta politiko-sozial sakona duena ere bai. Oinarria egun bizi dugun zapalkuntza egoeran dute gure textuek," aipatu digu Aitzolek.
Eta zera gaineratu du, "Karratua borobila da izena bera ere hortik dator. Zentzurik ez duen izena da, baina zentzu guztia duena. Karratua karratua da eta Borobila borobil, hori argi dago. Eta bizi dugun eguneroko aldrebes honetan kezka eta aldaketarako grina adierazi nahi duen izena, proiektua da"
Honela, "gure helburua ez da talde bat egitea, musikaz gozatzea baizik. Lagun arteaz gozatu eta ikastea. Musikaz baliatuz norbanako moduan hobetzea, autokritika eta komunikazioaren bidetik. Uste dugu musikaren bitartez harreman konplizeak sor daitezkeela aldaketa horri bide emateko".
"Konspiratzea ere bada. Ideia laborategi bat da Sortzen ari garen momentu horretan hausnarketan dihardugu. Aktiboki aritzen gara lanean eta horrek ere aldatzen, hobetzen laguntzen digu," aipatu du Aroak.
"Norbere kontraesanetaz jabetzeko ere balio du. Abestietan gauzak nola ikusten ditugun azaltzen dugu eta berorrek askotan bakoitzaren mamu eta beldurren aurrez aurre jartzea dakar. Aldaketarako ezinbestean hanka sartzearen balioa; askotan egitzat ditugun gauza guzti horiei bueltak emateak barne ezagutzan sakontzeko balio du". "Aldatzeko pausuak eman, bere zentzu zabalean. Garatu, hobetu... izaki moduan aberastu " diote.

Musika komertzialetik at
Egun musikaren munduak bizi duen egoeraz eta musika komertzialaz ere galdetu diegu."Musika komertziala hor dago eskuragarri. Baina noren esku dago musika bat edota bestea zabaltzea? Gure ustez, jendarteak horma hori puskatu eta horma hortatik haratago dauden taldeak ezagutzeko aukera dauka egun, eta aukera hori baliztatu behar du" adierazi du Aitzolek.
"Euskal Herrian ia inork ezagutzen ez dituen ehundaka talde daude eta oso txukunak gainera. Egun, musikazale euskalduna zorteko da, inoiz baino talde, aukera eta estilo gehiago ekoizten baitira Euskal Herrian".
"Talde askok bertan behera uzten dute euren jarduna. Herrietako taldeak behar beste mimatzen ez direlako sentipena dugu, eta talde askoa bidean gelditzearen zergatia hau delakoan gaude. Adibidez "Yaw" banda oso interesgarria iruditzen zaigu, baina jende gutxik ezagutzen du. Horrelako pila dago, "Opium", "Sortuz,", "Napoka Iria"… kontua hauxe da, talde hauek non jorik edota jotzeko baldintza egokirik ez badute, azkenean asko eta asko nazkatu egiten direla, proiektu andana bertan behera geldituz. Beste modu batean tratatu beharko genituzke gure herriko sortzaile gazte zein ez hain gazteak".
Musikaren komertzializazioarekin jarraikiz, "Karratua Borobila Da -ren kantek ez dute jabetzarik.Norbaitek gure abestiren bat erabiltzen badu, inon ez da agertuko KBDrena denik. Guk musika ikusteko era hori dugu, aberastasun herrikoi moduan eta ez jabetza pribatuko kontsumorako produktu moduan" azaldu du Aitzolek.

Hatortxu rock
"Gu biontzat eta parte hartuko dugun guztiontzat sinestu ezinekoa izan zen Hatortxun jotzeko eskatu ziguten unea," onartu dute..
"Oso berezia izan zen. Herrialde Katalanetatik gentozen, bertan halako bira bat egin ondoren. Gironan izan ginen ostiralez eta Bartzelonako Euskal etxean larunbatez. Kontzertu bereziak izan ziren eta kritika goxoak jaso genituen, oso pozik ginelarik. Handik bueltatu eta motxila hustutzeko genuela jaso genuen Hatortxu Rock-eko antolatzaileen deia. Ez sinestekoa, Hatortxu 10ean jotzeko eskeintza egin ziguten!!
"Hatortxu beti bizi izan dugu ikusle paperetik, Euskal Herri mailako jaialdi txukunenetakoa da .Aurtengoa, 10. edizioa oso txukuna izateko itxuraz ageri da, herritik eta herriarentzat antolatzen den festa erraldoia irudikatuko da Lakuntzan hilaren 19, 20 eta 21ean. Deia jaso ostean, Karratua Borobila Da-ri atsedena eman, kajoian sartu, karta hori gorde eta proiektu berria aurkezteko aukera ezin hobea zela iruditu zitzaigun," azaldu dute.
"Nik pertsonalki ez dakit zer espero. Ez dut imajinatzen nola izango den kontzertu hori, ez dakigu zer aurkituko dugun," esan digu Aroak.
"Azpimarratu behar da talde batek ere ez duela katxerik kobratzen, argi eta garbi geratu behar du jaialdi hau herritik eta herriarentzat egina dela, elkartasun ekimen erraldoia dela" aipatu du Aitzolek.

Etorkizuna
Ondo pasatzea da bilatzen dutena, musikarekin bizitzea eta ez musikaz. .
"Oso gustuko dut azken aldian Lasarten egiten ari garena, kalera instrumentuak atera eta jotzearen kontu hori. Pixkanaka hori ere galtzen ari da, gero eta okerrago ikusia dago kale musikariaren irudia. Batez ere, kalean jo, konplizitatean sakondu, harremanak egin eta sakontzen saiatzen gara." azaldu digu Aitzolek.
Taldeari dagokionez, arestian esan bezala, Karratua borobila da proiektua kutxan gorde eta beste proiektu bat sortzen lanetan ari dira.
Aitzolen hitzetan, "hemendik aurrera talde bat izango gara. Orain arte, Aroa Bartzelonan egon da ikasten eta ezin izaten genuen entseiatu. Bestalde ez dugu gaur arte jende egokirik topatu. Egun, Lasarteko, Aguraingo eta Balmasedako jende batekin ari gara lanean, eta nahiko itxura ona hartu du talde proiektuak.
"Musikherriari esker jende asko ezagutu dugu eta bi urte hauetan asko hitz egin dugu hortaz jende multzo batekin, Gartzen aguraindarrekin kasu. Haiei ere ikaragarri gustatzen zitzaien talde berria sortzearen ideia. Baina jende horrek beste talde bat zeukan eta uztartzen zaila zen. Orain haiek talde hori utzi berri dutenez, elkartzeko hautua egin dugu."
"Orain talde berria, formatu berriarekin lanean ari gara. Jende berria sartu da eta izen berria jarri nahi diogu. Kantak talde moduan sortu… hasera batean Hatortxu rock-en talde berri bezala aurkezteko aukeran pentsatzen izan ginen, baina ez dugu egingo. Patxaraz hartu eta dena txukun eta erabakita izatean aurkeztuko dugu proiektu berria.Taldeak Karratua Borobila Da taldearen hainbat kanta joko ditu Lakuntzako saioan eta talde berriaren kantak saioa amaitzeko"azaldu digu Aitzolek. "Aurreneko froga izango da"
"Kontu berria honetan, Aguraingo bi musikari eta Lasarteko lau, Iñigo eta Beñat Gaueko Itzalakeko bateria eta abeslaria gaude oraingoz. Balmasedako abeslari batekin ere harremanetan gaude, Maria Apurka taldeko abeslaria zenarekin. Taldeari itxura ematen ari gara, baina nahiko antzekoak garela esan daiteke. Instrumentuak hartu eta edozer jotzeko prest gaude. Eta, horrela, sekulakoa sortzen da, eman eta eman" aipatu dute.
"Beste musikariekin harremana izatea da gauzarik onena. Esate baterako, Aguraingo Mikel Goikuriak sorkuntza maila handia du eta instrumentu ezberdinak jotzen ditu, pianoa eta bibolina kasu. Horrek asko betetzen gaitu," gaineratu dute.
Musika estiloari dagokionez, "gogorragoa izango da," dio Aroak.
"Bateria gehitu diogu. Pop rock melodikoa izango da, Sen taldearen antzeko zerbait, baina neska ahotsarekin," azaldu du Aitzolek.
Etorkizuneko kontzertuei buruz, "oraindik ez dakigu zein formatutan egingo ditugun, zehazteke dugu. Orain uda osoa dugu aurretik hurrengo kurtsora begira ikuskizun txukun bat prestatzeko. Letra bakoitza, moldaketa bakoitza landu nahi ditugu, pixkanaka pixkanaka.. Eta hortan arituko gara Lakuntzako saioaren ostean."
Hauxe izan da herriko gazte hauek kontatu digutena. Euren musikaz eta proiektuen berri gehiago nahi izanez gero, www.myspace.com/karratuaborobilada bisitatu besterik ez duzue.