Eguraldiak lagundu zuen, eta jendea animatu zen Sasoeta-Zumaburu eskolako guraso, ikasle eta irakasleek antolatutako Ikasturte amaierako ekitaldian parte hartzera.
Goizean-goiz hasi ziren ekintzak. Goizeko 9etan krosa izan zen, eta, ondoren, jokoak. Txikienak auki-jokoan jolasten ibili ziren, nagusiagoak, berriz, sorpresaz betetako poltsak puskatzen. Hainbeste ekintzaren ostean indarrak berreskuratu beharra zegoela eta, hamaiketako eman zieten ikasleei. Jai giroak jarraitu zuen, baina erromeria gertu zegoen, eta talogileak lanean hasi ziren. Herriko talogile esperientziadunak Sasoetara joan ziren bertako ikasleei taloak egiten erakustera. Aizpea, Aitziber, Adriana, Alazne eta Ainhoa burubelarri ari ziren taloak egiten. “Ez da zaila, baina batzuetan taloa pegatuta geratzen da oholean, eta gero zaila da askatzea”. Taloak egin, eta ondoren, 2 euroren truke salgai jarri zituzten, txistorra ederrarekin lagunduta. Bitartean, beste ikasle batzuk liburu eta diskoak saltzen ari ziren. Eta, hamabietan, erromeria. Kultura desberdinei toki egin nahi zieten erromerian. Horregatik hainbat kantu ikasi zituzten, batzuk Euskal Herrikoak, beste batzuk kanpokoak. Baina guztiak euskaraz. Horiek dantzatu eta abestu zituzten erromerian, ikasle, irakasle eta gurasoek.
Ikasturteari amaiera ofiziala eman diote, baina astean izango dira ekintza gehiago. Gaur, esaterako, irteerak dituzte 6., 5. eta 4. mailan diharduten ikasleek. Txikiagoentzat, berriz, herri kirolak eta jolasak antolatu dituzte. Asteartean, berriz, Hipo eta Tomax pailazoen ikuskizuna izango da Sasoetako patioan, eta San Joan sua ere piztuko dute. Eta hortik aurrera jai. Oporraldia hasteko desiatzen izango dira guztiak ere.