Buruntzaldeko igerilarien erakustaldia

Txintxarri 2009ko ekainaren 22a

Igerilari ugari elkartu ziren joan den larunbatean Lasarteko igerilekuan. Buruntzaleko trofeoa izan zen jokoan, 20garrena alegia. Harmailak jendez lepo izan ziren.
Andoain eta Lasarteko igerilariak ez ezik, Hernani eta Barañaindik etorritakoak ere aritu ziren igerian. Nafarroatik, bi autobus etorri ziren. Buruntzaldeko 60 igerilari lehian, Hernani eta Barañaingoekin. Adin eta estilo guztietako igerilarientzako probak izan ziren. Proba guztiak bukatutakoan, 250 lagun Agiñako sagardotegi batera joan ziren bazkaltzera. Hain zuen, giro horretan banatu zituzten trofeoak eta dominak. Oso ondo pasatu omen zuten guztiek ere.
Urtero egiten da Buruntzaldeko trofeoa. Nolabait esateko, gaztetxoenek ikasturteari amaiera emateko modu bat izaten da. Hala ere, uztailean ere entrenamenduak izango dituzte gaztetxoenek. Eta helduagoek, berriz, proba garrantzitsuak. Gipuzkoako txapelketa izango dute jokoan datorren astebukaeran, Bergaran. Larunbatean eta igandean izango dira probak. Uztailaren 4an eta 5ean, berriz, Euskadiko txapelketa izango da jokoan Ordizian. Euskadiko txapelketan sailkatzen direnek izango dute Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera. Andoaingo Mikel Esnalek aukera handiak ditu uztailean jokatuko den Espainiako txapelketan izateko. 50 metro librean aritzen da igerilari andoaindarra.