Landaberriko ikasleek euskara eta jolasa uztartu dituzte ikasturtean

Txintxarri 2009ko ekainaren 22a

Landaberri ikastolako 537 gazte elkartu ziren joan den ostiralean Michelinen. Jokoak eta euskara sustatzeko hainbat ekintza egin dituzte ikasturtean zehar, eta ostiralekoa amaiera-ekitaldia izan zen.
Bost urtetik hamabi urtera arteko gazteek hainbat jolasetan parte hartzeko aukera izan zuten: armiarma jolasean, txapel jaurtiketa, sokatira eta sokasaltoan ibili ziren. Irakasleek esan bezala, jolas-orduetan sarritan jotzen dute ikasleek gaztelerara, eta euskaraz ere jolas daitekeela erakustea izan da helburua. Esate baterako, sokasaltoan aritzeko abestiak erakutsi dizkiete ikasleei.
Neska zein mutilak gustura ibili ziren jolasean. Korrikaldi luzeren bat egitea ere tokatu zitzaien, eta hurrengo jokoarekin hasi aurretik, deskantsatzeko aukera izan zuten. Eta musika doinuak ere entzun ziren; trikiti doinuak batetik, eta, bestetik, gaztetxoen gustuko musika-taldeenak.