J. M. Mongeren ikasleen erakusketa koloretsu eta alai

Txintxarri Aldizkaria 2009ko ekainaren 22a

Jose Manuel Mongeren 4 eta 18 urte arteko ikasleen lanak ikusi ahal izan ziren lehengo astean, Manuel Lekuona kultur etxean.
43 ikaslek ikasturtean zehar landu dituzten teknika ezberdinak, errotuladoreak, arte digitala edo margoetako teknika erabilienak, akrilikoa eta olio margoak, ikusi ahal izan ziren erakusketan.
“Ikasturte hasieran hilabete batzuk arkatzarekin marrazten egoten dira. Gero errotuladoreen txanda da eta, olio margo edo akrilikoekin hasi aurretik, pintzela hartzeko akuarelarekin egiten dute lan,” azaldu digu J. M. Monge irakasleak.

Teknikak eta estiloak
Erabilitako tekniken azalpena ere eman zigun, “teknika digitaletan Andy Warholen Marilynen antzerako koadroak egiten erakutsi diet Photoshop programa erabiliaz.”
Bestalde, “akrilikoa eta olio margoekin koloreak nahasten erakusten dizkiet, oinarrizko hiru koloreetatik abiatuta. Gero, txuria argitzeko eta beltza pixka bat iluntzeko erabiltzen ditugu.”
Estiloei dagokienez, “lau edo bost koadro abstraktu daude erakusketan, beste guztiak figuratiboak dira. Abstraktuen kasuan, nik jarraibideak ematen dizkiet, etorkizunean euren kabuz egiteko,” aipatu zigun irakasleak. Eta zera atxiki zuen, “txikiek irudimena gehiago lantzen dute. Gaztetxoak direnean errealitateko gauzak margotzen hasten dira eta garai hori bukatzean, berriro ere, abstrakziora edo ikerketara egiten dute salto.”
Ikasturtean zehar ikasleengan bilakaera handia dagoela adierazi digu. Are gehiago, “hau gure laugarren erakusketa da eta haur eta gazte gehienek lau urte hauetan lanak erakutsi dituzte. Urte batetik besterako garapen handia ikusten da koadroetan eta gazteen trebezia ere handiagoa da. Gainera, haiek ere bere buruarekin zorrotzagoak dira,” aipatu digu.

Lehiaketak eta txangoak
Ikasturtean zehar hainbat lehiaketetan parte hartzen dute eta horren adibide erakusketan ikusgai zeuden hiru koadro ziren, Udaberriko 8. Margo lehiaketan lehenengo eta hirugarren sariak eta Zipristin lehiaketako finalista.
Baina margotzeaz gain, margolari ospetsuak eta haiek erabiltzen zituzten teknikak eta estiloak ere ezagutzen dituzte J. M. Mongeren ikasleek eta, urtean behin, Guggenheim eta Arte Ederretako Museoetara txangoa egiten dute gaur egungo margolarien lanak ezagutzeko.