Lasarte-Oriako EAJk salatu duenez, ezkontza zibilak egiteko debekua ezarri die herriko alkateak oposizioko alderdiko zinegotziei. Jeltzaleek "gogor" kritikatu dute Ana Urchueguiaren jarrera.
Jeltzaleen arabera, aurreko egun batean ezkontza zibil bat egiteko eskaera aurkeztu zuen Estitxu Alkortak, EAJko bozeramaileak. Urrian familiarteko bat ezkondu behar zuela eta, udaletxeko biltzar aretoa erabiltzeko eskaera egin zuen. Alkateak, baina, jakinarazi zion, agintaldi honetan oposizioko zinegotziek ezin izango dutela ezkontza zibilik egin. Jeltzaleek salatu dutenez, "alkateak hala erabaki, eta itxura denez gobernu taldeko zinegotziek soilik izango dute eskubide hori. Jarrera horrek ez du oinarririk, jokabide tamalgarria da. Batetik, alkatea bere karguaz baliatzen ari da horrelako erabakiak hartzeko. Bestetik, herritarrei eskubide bat kentzen ari da, nahi duten zinegotziak ezkontzeko aukerarik ez baitute izango, eta, bukatzeko, herriko ondasunak alderdikeriaz erabiltzen ditu, Udaletxea eta biltzar aretoa guztiona baita, ez unean uneko alkatearena". Jeltzaleen arabera, era horretako ezkontzak bakean ospatzeko oztopoak jartzen ari da Ana Urchueguia, eta gainera, jendearen gogoa zapuzten.