Zapore goxoa utzi die El Rocio -ko erromeriak. Oraindik gogoan dituzte bertan bizi izandakoak. Maiatzaren 25erako Huelvan ziren boluntario lanetan hasteko prest, eta ekainaren 3ra arte bertan izan ziren.
El Rocio-ko erromeria Huelvan egiten da, Doñanako parkean. Urtean zehar ezin da parkera sartu, baina, erromeria egiten denean, errosemek bertatik igarotzeko aukera izaten dute. Erromesek kilometroak egiten dituzte zaldiz, oinez, edo gurdiz. Batzuk, gainera, urrutitik joaten dira, Sevilla edo Cadiztik. Eta lur-eremua zaila da. Area batzuetan, eta hauts ugari bide guztian. Horregatik joan dira DYAko 18 lagun sorospen lanak egitera, lur-eremu zailetan ibiltzeko 4x4 ibilgailuak dituztelako. Andaluziako Juntak urtero ateratzen duen lehiaketara aurkeztu zen DYA, eta beste behin ere aukeratu egin zituzten sorospen lanak egiteko. Batez ere, asistentziazko laguntza behar zuen jendea parkean bertan jarritako ospitalera, edo Sevilla nahiz Huelvako ospitalera eramaten ibili dira. Baina, behar izan denean sorospen lanak ere egin dituzte, eta baita gurdiren bat konpondu ere.
DYA-ko boluntarioak izan arren, behin Andaluziara iritsitakoan, ibilgailuak kanpotik aldatu zituzten, Andaluziako Juntakoak bailiran utziz. 4x4 ko bederatzi ibilgailu eta lau anbulantzia eraman zituzten. Gainera, bertako osasun-langileen jantziak janzten zituzten DYAkoek ere, 061enak alegia.
Erromeria zoragarria
Arantza, Koro eta Txente-k El Rociora joateko aukera izan dute. Koro hirugarren urtez, Txente bigarrenez, eta Arantza lehenengo aldiz. Hiru lagunak bat datoz sekulako esperientzia izan dela esaterakoan. “Erromeria oso polita da, eta ikusten dutenean laguntzeko zaudela, erromesek denetik ematen dizute, janaria, edaria... Beti pozik zeuden. Hori bai, izugarri harritzen ziren boluntario lanetan ari ginela eta ez eta ez genuela ezer kobratuko jakiterakoan. Horretan beste mentalitate bat dute. Ez dute ulertzen nola pertsona bat laneko jai-egunak hartu, eta ehundaka kilometrora dagoen erromeri batera joaten den musutruk laguntzera.” Gainera, erromerirako espresuki kontratatutako mediku eta erizainek ondo kobratzen dute, eta horregatik are eta gehiago harritzen ziren. Hala ere, krisia sumatu omen da, eta aurten mediku gutxiago kontratatu dituzte. Ondorioz, boluntarioek lan gehiago izan dute. Andaluziarren inguruan, bestalde, beste patxada bat dutela esan ohi da, eta horrekin bat dator Arantza. “Osasun arloko langileak lanean ikusten zenituen, eta argi zegoen beste erritmo bat zutela. Hasierako egunean hemengo erritmoarekin hasi ginen, gauzak segituan egin nahiean, baina ikusten duzu han beste lan-erritmo bat dutela eta horretara moldatu behar zarela”.
Era guztiko arazoak
Bereziki 4x4ko ibilgailuetan jendea batetik bestera eramaten ibili dira. “Parkea handia da, eta kilometro horietan guztietan laguntza behar izaten zuen jendeak. Miloi bat lagun baino gehiago elkartzen dira. Gainera, oinez kilometro asko egiten dira, eta oinetan arazoak izaten dituzte. Zalditik ere erortzen dira batzuk, eta hezurren bat edo beste puskatu. Aurten alergia kontuak asko izan dira, hauts asko harrotzen baita bidean. Eta intsektuen ziztadak ere asko izan dira. Horretaz gain, ohiko arazoak, gutxi batzuk alkoholarekin edo drogarekin zerikusia zutenak. Kontuan izan behar da bestalde, bero izugarria egiten duela, eta horrek ere osasun-arazoak eragiten ditu. Baina gure zeregina zehazki ibilgailuetan eramatea izan da. Parkean zehar badira behin behinerako jarritako ospitaleak, eta guk jendea horietara eramaten genuen. Egoera koropiltzen bazen, berriz, Huelvako edo Sevillako ospitalera. Kilometro pila egin dugu. Rocio-tik Sevillara 73 kilometro daude, eta batzuetan, egunean hainbat aldiz egin behar genuen bidaia”. Korok kontatu digunez, behin bihotzeko arazoak zituen gizon bat Sevillako ospitalera eramatea tokatu zitzaion. Gizona bakarrik zegoen, eta behin ospitalean, Korori eskatu zion han geratzea. “Ez zuen ulertzen lanera bueltatu behar nuela, berarekin geratzea nahi zuen”. “Oro har, jendea zaintzen da, batez ere edadetuek deskantsatzen dute. Gazteek, berriz, ez hainbeste. Haiek jaia nahi dute”.
Jakina, hiru boluntarioek ere hartzen zuten atsedenik. 12 orduko txandak izaten zituzten, Arantzak gehienak gauez, eta Matalascañaseko hotel batera joaten ziren lo egitera. “Niri lehenengo egunean pena ematen zidan lotara joatea. Hain ondo ari nintzen pasatzen, barre eta barre, lehertu beharrean. Baina, lo ere egin behar duzu, bestela nekatuta bukatzeko arriskua duzu. Gainera, txandak luzeak ziren, eta gauetan ere lan handia izaten zen” kontatu digu Arantzak. Baina lanean ere ondo pasa dutela esan daiteke. Batetik, El Rocio erromeria barru-barrutik ezagutzeko aukera izan dutelako, eta, bestetik, toki zoragarriak ikusi dituztelako. “Doñanako parkea zoragarria da. Ederra. Animalia pila bat ikusteko aukera duzu. Horretaz gain, gurdiak, jendearen arropak... guztia da polita” esan digu Txentek. Arantzak, berriz, gogoan du hondartza batean ibilgailuz egin zituen kilometroak. “Sentsazio ederra izan zen, hemen ezin baitzara ibilgailuz arean ibili.”.
Errepikatzeko asmoz
Batek daki hurrengo urtean zer izango den, baina, Arantzari eta Korori gustatuko litzaieke esperientzia errepikatzea. Txentek, berriz, zailagoa izango du, aurten aita izango baita eta umea zaintzen nahikoa lan izango duela uste du. “Jendeak asko eskertzen du egindako lana, eta horrek poz handia ematen dizu. Gainera, ondo pasatzen duzu” diosku Arantzak. Kororen ustez, berriz, erromeria bizi behar da, zer den jakiteko. “Eta behin, Rocioko amabirjinarena heltzen direnean, izugarria da. Jendea negarrez, erabat hunkituta. Ikusi egin behar da nola bizi duten. Norbera ere hunkitzen da horrelakoetan”