Bihar arratsaldean, mahai joko tradizionalak izango dira jubilatuen elkartean, eta iluntzeko 19:00etan, jubilatuen koruaren kontzertua Ama Brigitarren komentuan.
Ekitaldi nagusiena, 21:30ean hasiko da. Erketz Euskal Dantza Eskolako kideek San Juan zortzikoa dantzatuko dute udaletxe parean.
Ondoren, Udalbatzarekin batera, Andatza plazara abiatuko dira herriko dantzariak. Soka-dantza dantzatuko eta 22:00ak aldera sua piztuko dute.
San Joanak mundu guztian ospatzen dira, eta udaren hasieran kokatzen gaituzte. Sua piztuz, zaharkitua dagoena erre nahi izaten da.
San Pedroen atarikoak
San Pedroak ate-joka ditugula eta, ekainaren 25 eta 26rako ekintza sorta antolatu da.
Ostegun goizean, 10:00etatik aurrera, uretako festa egingo da Kiroldegiko igerilekuan. Bost urtetik 12 urtera arteko haurrentzat antolatutako festak goiz osoa iraungo du eta jolasez, zein puzgarriez gozatzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek.
Txikiek ez ezik, helduek ere izango dute ondo pasatzeko eta sasoian daudela erakusteko aukera.
Goizeko 10:00etan aerobic-eko erakusketa egingo dute jubilatuen elkartekoek, eta ordu bat beranduago gimnasia erakustaldia. 12:00etan, berriz, batuka erakustaldia izango da Zentro Zibikoko emakumeen eskutik.
Ekitaldi horiek guztiak Kiroldegian egingo dira.
Arratsaldeko 16:00etan, berriz ere jubilatuentzako ekintzak. Garai bateko jolasak Isla Plazan: toka, igela eta potoa.
Eta indarrak berreskuratzeko, arratsaldeko 18:00etan, luncha eskainiko zaie ekintzetan parte hartu duten jubilatuei.
Ekainaren 26an, berriz, lagunarteko futbol txapelketaren finalak jokatuko dira kiroldegian goizez.
Bestalde, hamar urtetik 18 urtera arteko gazteentzat, jolasak eta tailerrak antolatuko dira Isla Plazan 14:00ak arte.
Jubilatuen elkartean ere iizango da ekintzarik arratsaldeko 17:00etatik aurrera: kanta, poema eta txiste lehiaketa alegia.
Bukatzeko, iluntzeko 20:00etan, Alboka, Alboka txiki eta Txepetxa abesbatzek ikasturte bukaerako kontzertua eskainiko dute Brigitarren komentuan.