Larunbatean jokatu zen Euskal Herriko Eskolarteko XXI. Bertsolari Txapelketa, Altsasun, Nafarroan. Amaia Iturriotz eta Ane Labaka sailkatu ziren lehen bi postuetan gazteen mailan. Hain zuzen ere, 15urtetik 18 urtera artekoen mailan. Ane Labaka lasarteoriatarra bigarren sailkatu zen, Amaia Iturriotzen atzetik.
Goizean eta arratsaldean, 150 lagun inguruk ikusi zituzten zazpi lurraldeetako bertsolari gaztetxoen saioak. Gaztetxoen mailan, kantuan bizkor aritu ziren. Arratsaldean, gazteen mailan, urduriago ibili ziren bertsolariak. Ezin asmatu ibili ziren saioaren lehen zatiko zenbait ariketatan. Hala ere, ale politak entzun ziren tarteka. Gaiak ez zituzten batzuetan adinean oso gertukoak izan: alargunen ahotik, aitona-amonenetik eta gurasoenetik aritu ziren batzuetan.
Ane Labaka pozik azaldu da egindako saioarekin eta lortutako emaitzarekin. Txapelketan izan zirenen esanetan, lasarteoriatarrak saio ona egin zuen, eta ondo aritu zen. Hori bai, hasieran urduritasuna somatzen zitzaion. Lapurdiko bertsolari batekin tokatu zitzaion bertsotan aritzea. Gela batean zeuden bi gaixo ziren, eta ez zuten bisitarik jasotzen. Gai horri bertsoak jartzen aritu ziren. Ondoren, Zuberoako bertsolari batekin aritu zen, eta zailago egin zitzaion. Hala ere, bertsoak onak izan omen ziren.
Euskal Herriko Txapelketa, azken hilabeteetako bertso saio garrantzitsuena izan da.