Aurre iritziak alde batera utzi eta erabilitako gauzak erosteko aukera

maria-agirre 2009ko ekainaren 22a

Jose Antonio eta Mertxe lasarteoriatarrek lehenengo aldiz parte hartu zuten larunbatean egindako bigarren eskuko merkatuan. Etxean soberan zituzten hainbat gauza salgai jartzea erabaki zuten. “Etxean tokia okupatzen dute behar ez dituzun gauzek, eta merkatu honetan saltzea erabaki dugu”, kontatu zigun Mertxek. Liburuak, DVDak eta VHS sistemako bideoak eraman zituzten, baina, bereziki, komikiak. Jose Antoniori asko gustatzen zaizkio komikiak, eta soberan zituenak saltzea erabaki zuen. Beraz, bildumagile edo komikizaleentzako postu bikaina zen Jose Antonio eta Mertxerena.
Denetarik zegoen Udalak antolatutako bigarren eskuko objetuen merkatuan. Helburua berrerabilpena bultzatzea izanik, denetarik erosteko aukera zegoen. Zapatak eros zitezkeen, 5 edo 4 euroren truke. Eskuko poltsak ere baziren. DVDak 3 nahiz 5 eurotan, pisu bat ere bai, irrati zaharrak, Beatles taldearen koadroak, garai bateko egunkariak, surf egiteko tabla, apaingarriak...
Saltzaile batzuentzat lehenengo aldia zen, ez, aldiz, beste zenbaitentzat. Donostiako Ane esaterako, sarritan izaten da horrelako merkatutan. Bildumazaleentzako mauka polita zuen, 1975eko egunkariak, La Voz de España alegia. “Ni hilean bitan joaten naiz Hondarribiako merkatura. Eason hilean behin izaten naiz. Lasarten esperientzia berria da, bigarren aldia da herri honetara natorrela. Normalean nahiko ondo saltzen dugu, baina azkenaldian saltzen jende gehiago dabil erosten baino”. Garai bateko irrati bitxia zuen salgai Anek 25 eurotan. Salduko ote zuen!
Baina elkartasunerako tokia ere bazen merkatuan. Kontxa lekaimeak Nikaraguarako dirua biltzeko asmoa zuen, eta hainbat goxo egin zituen etxean. “Ea pastel hauek guztiak saltzen ditudan. Dirua Nikaraguara bidaltzeko da, hirugarren adinekoen zentro baterako. Somoton dago zentroa. Behar handia dute hango zaharrek, eta guk diruz laguntzen diegu. Pastelak ez ezik, soinekoak eta beste arropa batzuk ere ekarri ditut. Guztia eman egin didate nik salgai jartzeko”.
Antzeko helburua zuten Lasarte-Oria Bizirik plataformakoek ere. Ricardo eta Iñaki topatu genituen postu honetan, arropa, liburu, DVD eta beste hainbat gauzaren artean. Guztiak prezio sinbolikoak saldu nahi zituzten.
Berrerabilpenaren kultura ez dago errotura gure artean. Hala kontatu zigun Urnietako Estitxuk. Pare bat urte daramatza horrelako merkatutan parte hartzen. “Hemen berrerabilpenaren kulturarik ez dago. Frantzian, adibidez, oso ohikoa da bigarren eskuko gauzak erostea. Jendea ohituta dago. Gurean ere aurre iritziak alde batera utzi beharko lituzke jendeak. Nik, behintzat badut bigarren eskuko gauzak erosteko ohitura, eta oso ondo”. Arropa eta osagarri asko zeuden salgai Estitxuren postuan. “Arropak eta osagarriak nire bizioak dira, asko gustatzen zait. Baina, batzuekin aspertu egiten zara, eta salgai jartzea erabaki dut”.