Jon Tecedor, nortasun handiko kirolari eta pertsona, omenduko du Udalak festetan

jon-altuna 2009ko eka. 26a, 02:00

Lasarte-Oriako herriak Jon Tecedor Aginaga kirolari bikaina omenduko du aurtengo sanpedrotan. A-8an moto istripuan hil eta urte betera, aukeratu du Udalak herriko jaietan omentzeko. Halterofilian Espainiako txapeldun izan zen 12 aldiz, Europako txapelketetan, munduko hiru kopatan eta Sydneyko olinpiar jokoetan parte hartu zuen. Berak du oraindik estatuko errekorra ere. Ingurukoek kirolari bikaina eta pertsona hobea dela nabarmendu dute. Omenaldia ekainaren 29an San Pedro egunez burutuko da Udaletxeko batzar areto nagusian eguerdiko 12:15ean hasita.

Jon Tecedor lasarteoriatarra munduko pisu jasotzaile onenen artean izan zen, halterofilian buru belarri aritu zen hamar urteetan: 15 urterekin hasi eta 25 urterekin, 2000. urtean, Sydneyko joku olinpikoetan munduko onenekin lehiatu zen arte. Handik bueltan lehen mailako lehia utzi egin zuen, baina oraindik maila onean ari zen. Moto istripua izan zuen egunean bertan, 2008ko ekainaren 14an, Euskal Herriko txapelketan parte hartu behar zuen Zizurkilen.
Autopistan, Aritzeta parean, Lasarte-Oriatik oso gertu izan zuen istripua eguerdian, Nuria Vegas betiko neska lagunarekin ezkondu eta 36 egunera. Alargunak badaki kirolari handia zela, baina beste alde batzuk nabarmendu dizkigu berarekin izan dugun elkarrizketan: "Izugarria zen pertsona moduan, lagunekin oso atsegina eta maitekorra. Horrelakoak esaten dira normalean pertsona bat falta denean, baina Jonen kasuan horrela zen. Kanpoan egon eta itzultzen zenean denek deitzen zioten, oso azkarra zen eta arazoa edozein zela ere, beti zuen konponbideren bat. Lasaitasun handia zuen egoera zailetarako. Ezer ikasi gabe asko zekien, oso obserbadorea zen. Errealista zen, baina jarrera baikorra izan ohi zuen. Helburu edo erronkaren bat jarriz gero, haren bila saiatuko zen kosta ala kosta, baina bere bizitza zainduz eta inori kalterik egin gabe. Beti zen itxaropentsu, ez daukat ezer txarrik esateko”.

Madril eta Lasarte artean

Hamalau urte egon ziren elkarrekin Jon Tecedor eta Nuria Vegas, horietatik soilik hiru aste ezkonduta, baina bost urte elkarrekin bizitzen. Aurretik, urte asko eman zituen Jon Tecedorrek Madrilen. "15 egunerako joan zen eta sei urte pasa zituen" gogoratzen du Nuria alargunak, “Olinpiar jokoetara joateko erronka jarri eta ez zuen lortu arte etsi. Atlantan egoterik ez zuen izan baina bai Sydney. Eta orduan erabaki zuen utzi egingo zuela”.
Itzuli zenean esan zion emazteari utziko zuela. "Ni zerbaiten damu banaiz hara ez joateaz damutzen naiz. Bere unerik zoriontsuena izan zen. Luzatu egin zuen egonaldia, iraila hasieran joan eta urriaren 2ra arte egon zen han, hilabete osoa. Oso ondo egon zen, bere gurasoak ere han egon ziren,...”

Sydney 2000

Sydneyn, 25 urterekin, munduko 14. izan zen eta gerora bere aurretik sailkatu ziren bizpahiruk dopinaren aurkako probatan positibo eman zutenez, hamar lehenengotatik oso hurbil izan zen. Battis Kortajarena bere entrenadorearen ustez bere olinpiadarik onenak Atenaskoa edo Pekingoa izango ziren, baina, uztea erabaki zuen. Ordura arte, hori lortzeko gogor lan egin zuen eta behin lortuta lasaitu egin zen. Dena den, halterofilia bere bizitzaren parte zen ez, ez zuen noski erabat utzi, baina bai lehen mailako kirola. Nuria alargunak gogoan du Madrilen igarotako lehen urtetan ez zuela horren ondo pasatu: "Oso etxekoa zen, lagunak ere garrantzitsuak ziren beretzat, eta asko kosta zitzaion. Dena den, azkenerako, han, Madrilen ere, beste familia bat egin zuen".
Nuria Vegasen iritziz, "tarima gainera igotzen zenean beste pertsona bat bihurtzen zen. Dena ahazten zuen". Oso argi dauka: "beti aipatzen dut. Jonek egin zuen une bakoitzean nahi zuena, beti, eta behartuta edota derrigortuta sentitu izan balitz agian ez luke lortuko. Berriro hasita zegoen, baina beste era batera. Nolabait gaztaroaren parte bat galdu zuen, 19 urtetik 25era asko zaindu zen, egunero entrenatu, etxera etorri gabe, ez zen parrandara ateratzen... bizitza gogorra izan zuen”.

Zaletasunak

Badakigu motorra zela Jon Tecedorren zaletasunetariko bat, baina bazituen beste batzuek bere alargunak aitortu digunez: dantza egitea, "oso ondo dantzatzen zuen", bidaiak, lagun koadrila, "asteazkenero afaltzen zuen lagunekin" eta hauekin batera "ni ere bai", dio lotsarik gabe alargunak. "Olinpiadetatik bueltan esan zidan: etxera nator baina baldintza batekin, urtero bidai bat egin behar dugu. Kanariasen, Grezian, Mexikon, Turkian eta ezkonbidaian AEBn izan gara. Sekula ez nuen hain zoriontsu ikusi. Olinpiadetan zoriontsu sentitu nuen baina ez nuen ikusi. Estatu Batuetatik liluratuta etorri zen, bera handia da eta bere neurrikoa da. Han dena da handia, jendea ere bai eta ez zuen arazorik arropa bilatzeko. Amerikarra zela uste zuten baina berak Euskal Herrikoa zela erantzuten zuen. Bere grina handienetarikoa bidaiak ziren, leku askotan egona zen, baina oraindik asko zuen ikusteko".
Familia ere oso garrantzitsua zen beretzat, anai-arreba eta gurasoak. Gurasoak oso pozik ibili ziren Sydneyn. Euskal Etxean eta han bizi diren euskaldunen etxeetan izan ziren...
Etxekoia zela garbi dago. Inork ez dakien bitxikeria kontatu zigun Nuria Vegasek. "Hainbeste kontu polit bizi izan ditugu... Behin ordu bete elkarrekin egoteko etorri zen bisitan. Kotxea hartu eta Madriletik Lasarteraino. Telefonoz deitu zidan kabina batetik, eta jaisteko esan".

Hiru prestatzaile

Hiru entrenadore izan zituen Jon Tecedorrek. Karmelo Zarzuelorekin hasi zen eta honek denbora nahikoa ez zuenez, oso gaztetatik Battis Kortajarenak lagundu zion. Battis aita bat bezalakoa izan zen Jon Tecedorrentzat, asko miresten zuten elkar. Nuria Vegasek adierazi digu oso ondo lotu zirela eta hainbat urtetan elkarrekin izan zirela: “Orain Battis Espainiako hautatzailea da eta ziur Jonentzat hori harro egoteko modukoa izango zela, pena ez duela ikusi. Jonek beti esaten zuen Battis Kortarajena oso ona dela”.
Lasarte-Oriako Indarra taldeko Manu Olaizolak ere asko animatu zuen. Nuria Vegasek adierazi digunez, “Jonengan ikusi zuen lortu zezakela berak amestu baina lortu ez zezakeena”.