Ostiralean `Talaia´ ikuskizuna eskainiko du Gero Axular dantza taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2009ko uztailaren 8a

Orain arte Donostian eta Hernanin eskaini dute Talaia, eta ikusleak oso pozik gelditu omen dira. Harrera ona izan du Gero Axular dantza taldearen emanaldiak. Ostiralean, Lasarten ere arrakasta izatea espero dute.
Musikari eta dantzari ugari igoko dira Kulturetxeko taula gainera: arrantzaleak, batelariak, arrainak... Guztira 120 lagun. Gehienak dantzariak, 8 eta 14 urte bitartekoak. Musikariak, berriz, hamaika guztira. Baina bada dantzari gaztetxo bat ere, 5 urtekoa. Garazi du izena, eta Andoni Iparragirreren alaba da. Argitxoren papera du obran. Argitxogatik ez balitz, istorioa oso gaizki bukatuko litzatekeela esan daiteke. Talaia ikuskizunean bikote gazte baten amodiozko istorioa kontatzen da, eta portu batean girotuta dago.