Txikitatik da musika zalea Grassmann, eta duela urte batzuk hasi zen rokanrol musika jartzen. Garai batean Zulon jartzen zuen musika eta gerora beste hainbat tokitan. Normalean festa edo tabernetan, baina bihar, giro ona egiten badu behintzat, kanpoan izango da. Taberna zuloko beroarengandik ihesi.
Zure gustuko musika jarriko duzu, ezta?
Bai, niri gustatzen zaizkidan diskoak erosten ditut, eta gero jarri ere bai.
Zein eratako musika da?
Musika beltza, soul, funki, reagge, jazz...
Jendea dantzan ikusteak poztuko zaitu, ezta?
Bai noski, bestela, zu musika jartzen eta jendea dantzan egin gabe,... zer demontre da hau!!!.
Zer nolako lekutan jarri duzu musika?
Tabernetan, Zulon, festatan,... guk ere antolatu izan ditugu festak eta musika geuk jarri.
Leku edo egoera bereziren bat gogoratzen al duzu?
Behin, Donostian, Haizearen Orrazian, Branka jatetxearen terrazan egon ginen. Lagun bat dago sukaldari. Hark nagusiari esan eta festak antolatzen zituen.
Behin Iñaki Salvador jazz pianojole eta musikagilearekin egin zuten afari bat. Plater bereziak jarri zituzten afarirako, dastatzen eman eta Iñaki Salvadorrek berak plater horrek sugeritzen zionarekin musika jotzen zuen. Afariaren aurretik terrazan musika jartzen egon nintzen. Berezia izan zen, itsas ertzean musika jartzen.
Kanpoan izan al zara?
Ez, beti, Euskal Herrian.
Nondik datorkizu Grassmann izena?
Grass belarra da ingeles eta man gizona, eta belarra erretzea gustatzen zaidanez, horregatik dela uste dute askok, askotan esan didate, baina ez da horregatik.
60. hamarkadatik aurrera izan diren DJen historia zekarren liburu bat utzi zidan anaiak, eta hor zekarrenez, 70. hamarkadan New York-en, oso musika berezia jartzen zuten bi italoamerikarrek, denetarik, urte haietarako jada reaggea, funkia eranstsi,...
Bat Francis Grasso deitzen zen. Honek batzuetan aste osoa pasatzen zuen lo egin gabe, (anfetamina edo hartuko zuen) pintxatu, eta ondoren dendatara joan musika erostera. Bestea David Mancuso zen, bere loftean (ganbaran) musika jartzen zuen Ney Yorken. Bertan musika eta janaria berak jartzen zuen diru baten truke (bost bat dolarrengatik edo) eta oso soinu ona zeukala esaten zuten. Horrela, Grasso eta Mancuso elkartuz, Grass eta Man hartu eta Grassman osatu nuen. Oso bizitza interesgarria zuten bi tipo hauek.
Zer da Afro-grooves?
Grooves, musika estilo bat da, edo hobe esanda, musika bat edo erritmo bat indartsua denean esaten da oso grooves-a dela. Eta afro, jakina da. Zein musika estilo jarriko dudan galdetzen didatenean, afro-grooves jarriko dudala esaten dut.
Jada zortzi urte musika jartzen, nabaritzen al duzu leku gehiagotan jartzen duzula musika, ala ez?
Agian gutxiago. Taberna eta klubetan orain izaten dituzte beraien disko jartzaileak. Gainera ez gara gehiegi aditzera ematen.
Nekatua sentitzen al zara ba musikarekin?
Ez, ondo. Etxean ordenagailuarekin musika egiten ere ari naiz. Horrek ere betetzen nau eta Hernaniko Molotof irrati librean, larunbatero irratsaio bat egiten dut.
Ez dut asko pintxatzen, baina musika egiten eta saioarekin nahikoa dut. Pintxatzen ez badut ere, musika gustatzen zait eta hor segituko dut.
Musika egiten ari zara, disko batean jasotzeko ala bestela?
Probatzen, ea zer edo zer ateratzen den.
Baina, oraindik lanean jarraitu behar, ezta? Ez dago musikatik bizitzerik...
Oso zaila da hori. Gainera nik egin nahi dudan musikaz...
Ez da lehenengoa aldia Jalgi Kafe Antzokian zaudela, baina larunbatean terrazan, kanpoan, izango da, ezta?
Bai lehen ere egin genuen. Ikerrek taberna hartu zuenean komentatu nion uda batez, zergatik ez dugu kanpoan musika jartzen..., eta orain berriro egingo dugu. Larunbatean arratsaldeko 7etatik 9etara bi orduz jarriko dut musika.