Urtero garai honetan ohi denez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuak onarturiko foru agindu berriak ezartzen dituen ehizaren baldintzak eta mugak argitara ematen ditu. Horren aurrean, Ekologistak Martxan Gipuzkoatik Diputazioari baldintzak gogortzeko eta ehizaldia murrizteko 2009/2010etik aurrera eskatzen diogu.
Gabonetatik aurrera ehiztari kopurua mendian behera doanez eta urtarrila hilabeterik hotzena denez, askotan fauna ahulduz, ehiza garaia murrizteko eta denboraldia abenduaren 31n ixteko eskatzen dugu. Gogoratu behar da aurtengo urtarrilean elurra zela eta sarraski handia egin zela oilagorrarekin.
Era berean ordutegiaren murrizketa eskatzen dugu, hau da, goizeko irekiera atzeratzea eta itxiera aurreratzea, ilunpetan alegia egiten baitira gehiegikeri gehienak, hala nola erreklamoak erabiltzea, zelatan aritzea, segurtasun alderdien errespetu eza, e.a.
Bestalde, fauna birpopulaketak eta denboraldia itxiz gerozko ehiza-txapelketak debekatzea nahi dugu. Modu berean, ehiza garaian gerta litezken hotzaldiak direla eta, aurreikuspena dagoenean ehiza ixtea exijitzen dugu, hots, sarraskiak gertatu aurretik eta ez gerora.
Itxian hazteko baimentzen den txoritxoen (karnabak eta) harrapaketaren baldintzetan muga berriak ezartzea eskatzen dugu.
Ehiza larriari dagokionez, kontrol handiagoa exijitzen dugu. Horren kudeaketa basurde zein orkatzen populazioen jarraipen serio bezain profesionalean oinarrituta egon behar da. Askotan aisialdia eta ehizaren arteko bateraezintasuna salatu nahi dugu, zeren eta menditik ibilaldia egitea ehizaldian arriskutsu bilakatzen baita. Ehiza larriaren kasuan Gipuzkoan are gehiago, balaz eta erriflez egiten baita gurea bezalako lurralde itxi eta menditsuan.
Ehiza-baimen kopuru handia dago, urtero zigorturikoak ez dira gutxi (nahiz eta soilik harrapaturikoak diren!) eta, aldiz, basozainak urriak. Hortaz, basozain gehiago kontratatzea eskatzen dugu, baina era berean, Ertzaintza eta udaltzainak inplikatu behar dira, haien eskumena ere da eta. Zigorrak gogortu behar direla iruditzen zaigu eta behin baino gehiagotan ilegalki harrapatuak direnak ehiza-baimena betiko kentzea eskatzen dugu.
Ekologistak Martxan Gipuzkoatik Foru Aldundiari aurtengo Foru Aginduan eskaera hauek aintzat hartzea eta bertan egokitzea eskatzen diogu. Helburua litzateke biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzea eta, ahal dela, ehiza, mendizaletasuna eta Naturaren behaketa nahiz gozamena bateratzea.
Gipuzkoako Ekologistak Martxan taldea