Zaldi-lasterketen denboraldia igande honetan hasiko da

Txintxarri 2009ko uztailaren 10a

Igande honetan, arratsaldeko 17:30ean, zaldi lasterketen 94. udako denboraldiari hasiera emango zaio Donostiako hipodromoan.
Mendeurrena gertu duela, Donostiako hipodromoak udako aisia eskaintza mantentzen du eta aurten ere emozioz, lasterketaz eta apustuz betetako 12 jardunaldi aurkeztu zituen asteartean egin zen prentsaurrekoan.
72 lasterketa eta sarietan 944 mila euro banatuko dira igandean hasi eta irailaren 5ean bukatuko den denboraldian.

Ostegun eta igandeetan

Uztailak 12,19,26; abuztuak 2,9,13,15,20,23,27 eta 30 eta irailak 5ean izango dira aipatutako 12 jardunaldiak.
Era honetara, aste batzuetan igandeaz gain, ostegunetan ere lasterketak egongo dira.
Ohitura den legez, abuztuak 15 larunbata izango da egun handia. Honetan, Urrezko koparen 41. edizioa lehiatuko da.
Lasterketa hau, gainera, Europako hipodromoetan entzun handia duen Delfi du Galop txapelketaren barruan kokatu da aurten eta, beraz, Europako zaldi azkarrenak ikusteko aukera egongo da proba horretan.

Doako egunak

Hipodromoko arduradunek jakin arazi zutenez, iazko prezioa mantentzen dituzte sarrerek.
Honela, uztaila eta irailean lasterketak ikusi nahi dituen zaletuak sei euro ordaindu beharko ditu eta abuztuan, berriz, bederatzi.
Salbuespenak daude, noski, jubilatuek eta gazteek %50eko beherapena baitute sarreraren prezioan eta 14 urte azpiko haurrak doan sartuko dira.
Honetaz gain, abuztuak 20 eta 27an zaletu orok aukera paregabea du zaldi lasterketetaz gozatzeko. Izan ere, bi ostegun hauetan sarrera doan izango da ikusle guztientzat.

Haurren garrantzia

Haurrek sarrera doan izateaz gain, igandeetan pottokan edo kulunka berrietan ibili ahalko dira eta eskulanak egiteko txokoa ere izango dute.
Arratsalde dibertigarria eta berezia pasatzeko aukera izango dute beraz etxeko txikiek eta modu ekonomikoan gainera.

Realaren mendeurrena

Era berean, Donostiako Hipodromoak ere Realaren mendeurreneko ospakizunetan parte hartuko du.
Honela, 1916etik jokatzen den Donostiako Sari Nagusia babestuko du Real Sociedadeko mendeurrenak.
Proba hau irailaren 5ean lehiatuko da eta egun horretan talde txuri urdinaren kamixeta soinean jantzita agertzen diren zaletuek %50eko beherapena izango dute bere sarreran.