Gaur, `Talaia´ ikuskizuna eskainiko du Gero Axular dantza taldeak

maria-agirre 2009ko uztailaren 10a

Orain arte Donostian eta Hernanin eskaini dute Talaia, eta ikusleak oso pozik gelditu omen dira. Harrera ona izan du Gero Axular dantza taldearen emanaldiak. Gaur, Lasarten ere arrakasta izatea espero dute.
Musikari eta dantzari ugari igoko dira Kulturetxeko taula gainera: arrantzaleak, batelariak, arrainak... Guztira 120 lagun. Gehienak dantzariak, 8 eta 14 urte bitartekoak. Musikariak, berriz, hamaika guztira. Baina bada dantzari gaztetxo bat ere, 5 urtekoa. Garazi du izena, eta Andoni Iparragirreren alaba da. Argitxoren papera du obran. Argitxogatik ez balitz, istorioa oso gaizki bukatuko litzatekeela esan daiteke. Talaia ikuskizunean bikote gazte baten amodiozko istorioa kontatzen da, eta portu batean girotuta dago.

Amodiozko istorioa

Ondo bukatzen den amodiozko istorioa da Talaia. Tragedia dago tartean, baina, bukaera pozgarria du.
Neska gazte bat, itsasontziko kapitainaz maitemindu zen arrantzaleen herri batean. Oso maiteminduta zegoen bikotea. Baina zorionak ez zuen asko iraun. Egun batez, arrantzan ari zela, ikaragarrizko arrain batek txalupa jo, kapitaina uretara erori, eta galdu egin zen. Albistea jakin zuenean, neska oso atsekabetuta gelditu zen. Baina esperantza galdu ez, eta egunero kaiko talaiara igotzen zen maitalearen zain. Egun batez, arrantzale zahar bati kapitaina ikustea iruditu zitzaion. Hala izan zen. Haize bolada batek kapitaina ekarri zuen itsasotik.

Talde-lan handia atzean

Urtebete pasa du Gero Axular taldeak ikuskizun berria prestatzen. Talde-lan handia dago atzetik. Izan ere, guzti-guztia beraiek egiten dute. Istorioa idatzi, dantzak, arropak, eszenatokia, musika moldatu... Lana handia da, baina “oso gustura” ari omen dira. Horren erakusle, gelditu ere ez direla egiten. Hil honen 16tik 28ra Alemaniara joango dira Talaia obrarekin. Ondoren Donostian, Zestoan, Deban eta Legazpin eskainiko dute. Eta hori gutxi balitz, jada buruan dute 2011n estreinatuko duten obra berria.
Orain dela bost urte sortu zen Gero Axular dantza taldea, baina ordutik ez dira gelditu. Bi urtetik behin obra berri bat. Talaia hirugarren ikuskizuna da.

Dantzarien pizgarri

Euskal dantzak erakutsi, landu eta garatu. Hitz gutxitan hori da Gero Axular dantza taldearen helburua. Andoni Iparragarri musikariak esan bezala, “ikusten genuen dantzariek ez zutela jarraipenik. Hau da, euskal dantzak ikasten zituzten, baina, urte gutxira utzi. Jarraipen bat emateko sortu genuen taldea. Euskal dantzak eguneratu egin ditugu, eta musikarekin batera landu. Azken finean, ondo pasatuz euskal kultura garatzea da gure helburua”.
Taldekide gehienak Donostiako Axular ikastolakoak badira ere, jada ari dira zabaltzen. “Juan Luis Unzurrunzaga lasarteoriatarra Axularren ari zen dantza eskolak ematen, eta bertan sortu zen taldea. Baina ez da itxia. Jada beste toki batzuetatik ere hasi zaigu jendea etortzen, adibidez, Hendaiatik.