Eusko Legebiltzarrean Hondakinen Legea eztabaidatzeko 35.000 sinadura bildu ditu koordinakundeak, eta hori ospatzeko jaia antolatu dute.
Jaialdia
Goizeko 10:00etan hasiko dira ekintzak. Ordu horretan, mendi martxa hasiko da Zubietako plazatik errauskailua eraiki nahi duten lur-sailetara.
Ondoren, erakusketa eta bideoa izango dira, eta, 12etan, Txan magoaren erakustaldia, eta, ordubete geroago, bertsolariak. Herri-bazkaria ere izango da indarrak berreskuratzeko, eta Gartxot abeslariak bazkaria alaituko du.
Arratsaldean, berriz, 17:00etan, herrien arteko herri kirolak hasiko dira, ondoren, dantzarien emanaldia izango da, eta, 20:00etan, erromeria. Gaueko 22:00etatik aurrera, kontzertuen txanda izango da.
35.000 sinadura
errausketaren aurka
Azken hilabeteetan sinadurak biltzen ibili dira Errausketaren Kontrako Koordinakundekoak. Eusko Legebiltzarrean Hondakinen Legea eztabaidatu ahal izateko 30.000 sinadura bildu behar zituzten, baina bost mila gehiago lortu dituzte.
Taldekideak "oso pozik" azaldu dira emaitzarekin, eta herritarrek emandako erantzunarekin.
Koordinakundeak egindako Hondakinen Legean jasotzen denez, zabor organikoen gaikako bilketa intentsiboa bultzatu behar da, ez, ordea, errausketa.
Taldearen arabera, atez-ateko bilketa jarri behar da abian. Uste dute gainera, agintariek "ez dutela legea betetzen", legeak zabor organikoen gaikako bilketa agindu baitzuen 2001erako.
Koordinakundearen arabera, sinadura bilketa amaitu dute, baina, aurrera begira, izango dute zereginik.
Haien esanetan, alderdi politikoekin bilerak egingo dituzte plataformaren eskaerak zeintzuk diren "argi uzteko". Taldearen arabera, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kontsortzioak, errauskailua ezartzeko pausuak ematen ari dira, "eta lanak edozein unetan has daitezke". Horregatik, aurrerantzean ere herritarren "laguntza" beharko dutela ohartarazi dute.