Udalak Ttakunekin eta herriko lau ikastetxeekin hitzarmenak sinatu ditu

Txintxarri Aldizkaria 2009ko uztailaren 10a

Ostiralean, uztailak 1, Lasarte-Oriako Udalak Ttakun Kultur elkartearekin eta herriko ikastetxeekin elkar laneko hitzarmenak sinatu zituen.
Udalaren izenean Ana Urchueguia alkatea, Euskara Batzordeko lehendakaria den Rikardo Ortega eta Ana Sanz idazkaria egon ziren; Ttakun Kultur elkarteako lehendakaria den Mari Jose Eizmendi eta ikastetxeen izenean, Landaberri ikastolako zuzendaria Iosu Garmendia, Sasoeta-Zumaburuko zuzendaria Koru Goikoetxea, Landaberri Institutuko Abene Arriola eta Lasarte-Oriako Institutuko Esther Urrutia.
Rikargo Ortegak sinadura ekitaldia hasi baino lehen azaldu zuen bezala, herritarron hizkuntzako gaitasuna hobetu eta euskara erabiltzeko erraztasunak handitzea dute helburu hitzarmenek.
"Ttakunekin urte asko daramagu elkar lanean eta ikastetxeekin, aldiz, iaz hasi ginen. Esperientzia positiboa izan da eta errepikatzea erabaki dugu," adierazi zuen Euskara batzordeko buruak.

Ttakun Kultur elkartea

2009-10 ikasturteko Udalak eta Ttakun kultur elkarteak hitzartutako egitasmoetarako diru-laguntza jasotzen da lehengo astean sinatutako hitzarmenean. Hain zuzen ere,187.955,59 eurotako diru-laguntza jasotzen du, iaz baino 3.500 euro gutxiago.
Diru-laguntza hau jasotzen dituzten programak hiru multzotan daude banatuta. Multzo nagusiak haurren eta gazteen aisialdia euskalduntzera zuzendutako programak biltzen ditu (udako txokoak, gazteentzako kanpaldiak, Amaraun ludoteka, Kuadrillategi programa eta abar), bestetik Txintxarri aldizkaria laguntzen du diruz, eta azkenik, Solaskide-solasbide programa dago. Honetan euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskara ikasten ari direnekin edo hitz egiteko harreman-sareak nahi dituztenekin harremanetan jartzen ditu Ttakunek.
Era honetara, hitzarmenaren arabera, Ttakun Kultur Elkartea arduratuko da programa horien guztien antolaketa eta kudeaketaz.

Ikastetxeak

Bestalde, Alkateak herriko lau ikastetxeetako zuzendariekin ere hitzarmen bana sinatu zuen. Alkateak adierazi zuenez, "Udaleko Euskarako Batzordeak eta ikastetxeek hasiera-hasieratik, Udala osatu zenetik, lan egin dute elkarren eskutik gure herriko haur eta gazteen hizkuntza-gaitasuna hobetu eta euskaraz hitz egiteko ahalik eta erraztasun eta ohitura gehien lor dezaten."
Hitzarmen hauekin, elkarren arteko harremana sistematizatu eta kudeaketa hobetzeko ahaleginari hasiera eman zioten iaz eta, esperientzia positiboa izan denez, segida emango zaio datorren ikasturtean ere. Modu honetara, ikastetxeek ikasturtea hasi aurretik badakite Udalak zein programa lagunduko dien diruz. Programa horiek gainera ikastetxeek beraien lana osatzeko aukeratu dituztenak dira.
Diruz lagundutako programen artean daude ikastetxeko aldizkariak Irakurtrezin, Esazu eta Irrintzi, pertsonaia ezagunen bisitak, orduz kanpoko jarduerak Euskalduntzeko hezitzaileek asko egin dezakete! programa, Lagunarteko hizkerarekin jolasean programa edo Ahozkotasuna eta bertsolaritza programa bezalakoak.
Lau ikastetxeekin sinatutako hitzarmenak desberdinak badira ere, bai programetan eta bi dirutan ere, guztira lauen artean, 46.498,07 eurotako aurrekontua suposatu dio Udalari, iaz baino 1.500 euro gutxiago.
Alkateak adierazi zuen ahalegin handia egiten duela Udalak hitzarmen hauekin eta pozik dagoela erakunde hauek egiten duten lanarekin. Honetaz gain, aurten egoera ekonomiko zailera moldatzeko guztiek egin duten ahalegina ere azpimarratu zuen.