Eskola-Kontseilua eratzeko lehenengo pausoak eman dira

Txintxarri Aldizkaria 2009ko uzt. 10a, 02:00

Atzo goizean egin zen Udal Batzarrean Lasarte-Oriako udalerriko Eskola-Kontseiluaren Araudiaren lehenengo onespena burutu zen, besteak beste.
Eguneko gai nagusian EAko zinegotzia izan ezik, abstenitu zena, zinegotzi guztiak bat etorri ziren bozkan alde eginez.
Era honetara, ikastetxe eta herritarrek egindako eskaerari erantzun ematen dio Udal Batzarrak.

Beharrezko tresna

Alderdi guztiak ados agertu ziren, Eskola-Kontseilua beharrezko tresna zela eta araudiaren onespena berri ona dela esanaz.
PPko zinegotziak, J.A. Encinasek gogoratu zuen herritarrek, zein ikastolek eskatutako tresna dela Eskola-Kontseilua eta Ana Prieto LOHPko zinegotzia bat etorri zen Encinasek esandakoarekin. Gainera, Hezkuntza Batzordean egindako proposamena egin zuen batzarrean emendakin gisa, Eskola-kontseiluaren batzorde iraunkorra sortzea.
Udal Batzarrak bozketa egin eta emendakina ez zen aurrera atera. PSOE eta PPek aurka egin zuten, PNV, LOHP eta zinegotzi ez adskrituek alde bozkatu zuten eta EA eta EB abstenitu egin ziren.
Zinegotzi ez adskrituek bere txandan, “Zaballosek esan bezala, ona izango litzateke Eskola-kontseilua martxan jartzea eta beste kontseilu eta batzorde berezi batzuk bezala ez alde batera uztea”, adierazi zuten.
Eta honela jarraitu, “Mujika alkate-ordeak esan zuen ez dituela arazo guztiak konponduko. Hori badakigu, baina behintzat tresna garrantzitsua izango da horiek konpontzeko.”

Parte hartzea sustatu

PSOEren izenean, Iñaki Mujikak, Udalak herritarren parte hartzea sustatzeko esparruan egindako egitasmoa dela aipatu zuen.
Eta “Udal Gobernuak sustatutako ideia dela azpimarratu nahiko nuke, nahiz eta gero oposizioko zinegotziak bat egin,” adierazi zuen jarraian.
Honetaz gain, “ez ditu arazoak konpondu baina hezkuntza mailan arazoak konpontzeko erraztasun gehiago izango ditugu tresna honekin,” gaineratu zuen.

Araudia

Araudiaren sarreran aipatzen den bezala, “Lasarte-Oriako Udalerriko Eskola-Kontseiluak unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzaren programazioarekin zerikusia duten gizarte-sektoreentzat partaidetzako, aholkularitzako eta kontsultako organoa izango da.”
Eta honela jarraitzen du “Herritarrek hezkuntzaren arloan parte-hartze eraginkorragoa edukitzea ahalbidetuko du. Horrela, aginte publikoek hobeto erantzun ahalko diete hezkuntzaren arloan herritarrek dituzten premiei eta, oro har, komunitatearen beharrei.”
Kontseiluan Udala, talde politikoak, ikastetxeak eta gurasoen elkarteak egongo dira ordezkatuak eta kontseiluaren lehendakaritza alkatearen edo hark izendatzen duen zinegotziaren eskuetan egongo da.
Araudiarekin jarraituz, Eskola-Kontseiluak aholkua eta informazioa emateaz gain, eginkizun ugari beteko ditu, hala nola, eskolak plazak sortzea, kentzea eta aldatzea, ikastegiak eraberritzea edo hezkuntza-arloko eskaintza lurraldean banatzeko dauden premiak eta irizpideak aztertu eta udalerriko eskola-mapa tankeratzea.