“Eskultura express bat egin dut hamabi egunetan”

jon-altuna 2009ko uztailaren 13a

Hernaniko Florida auzora bidean Gotzon Huegun Lasarte-Oriako eskultoreak duen tailerrera hurbildu orduko, kanpotik entzuten da tik tok hotsa. Barruan lanean ari da egurra edo harria zizelkatzen. Kanpoan, marmol zurizko bi bloke handi dauzka. "Italiako Karrarako harrobietakoak dira, Miguel Angel handiak erabiltzen zuen marmol bera da" esan digu segituan.

Marmol zuriarekin El Greko margolariaren lan baten erreprodukzio bat egingo du panteoi batean jartzeko. Hurrengo hiru hilabetetan batez ere horretan arituko da. Harriak aurreko astean heldu ziren eta jada hasi da larritzen. "Lan handia da. Gainera, norbaitek lanen bat eskatzen dizunean urduritasuna izaten da, zirriborroak eman, ea gustatzen zaion, ea ateratzen den,... gero baiezkoa esaten duenean, poztu egiten zara, badut lana pentsatu,baina materiala heltzen denean eta benetan lanean hasi behar naizenean, orduan, urduritasuna handiagoa da.

Zer moduz Suitzako Morges hiriko simposiumean?
Lan asko,... hamabi egun izan dira, goizeko zortzietatik aurrera, batzutan seirak arte lanean, eta beste batzuetan hamarrak arte, gaueko simposium-a deitzen zioten horri. Suitzarrak horrelakoak dira, dena izugarri estrukturatuta daukate, eta ezin hortik atera.

Ekainaren 10ean joan zinen, ezta?
8an atera nintzen, auto kaxkar xamarra daukat eta pentsatu nuen bi egunetan iritsiko nintzela. Gero dena segidan egin nuen,12 ordu eta erditan han nintzen. Txarrena bidaia izan da, ez zait gidatzea asko gustatzen.

Zenbat eskultore zineten?
Nik uste nuen 20 bat izango ginela, baina azkenean 30 ginen, 13 herrialde ezberdinetakoak. Ni Turkiako eta Poloniako bi emakumeren ondoan izan nintzen. 12k egurra landu genuen eta beste 18ek harria.

Harria ere eskuz zizelkatzen al zuten?
Bai, XII. mendeko gaztelu baten kanpoaldean egiten da simposiuma, lorategiak daude, dena ondo zainduta dago eta ez dute hautsa ateratzen duten tresnarik erabiltzen uzten. Hori jakinik, erabaki nuen egurra landuko nuela. 12 egunetan ez da denborarik harrian lan piskat majoa egiteko. Batzuek erdi bukatuta utzi zuten, ez dago denborarik. Gainera inguruan jendea duzu, estresatuta,...

Hartuemanik izan al duzu beste artistekin?
Hango hizkuntza frantsesa da, urtarrilean hasi nintzen klaseak hartzen eta nahiko ondo moldatu naiz. Emakume argentinar batekin harreman ona izan dut, nik egiten nion itzulpen lana, baziren beste bi gazte isla Mauriziokoak, nire adinekoak ziren eta harreman ona izan dugu, eta gaztelera zekien suitzar batekin ere bai. Zalantzak neuzkanean berarengana jotzen nuen.

Jende interesgarria?
Bai, denetatik. Baziren batzuk elitea sentitzen zirenak ere. Han egin diren lanak ikusita, maila aldetik, gustura sentitu naiz, nire lanak hemendik kanpo ere lasai erakutsi ditzaket.
Suitzan, batipat, garrantzi asko ematen diote ikasle ala maisu izateari. Denek galdetzen zidaten ikaslea ala maisua nintzen. Nik orain ez ditut klaseak ematen, baina beraientzako maisua, bere kabuz lana egiten duena da, ez bazara beste inoren laguntzailea eta zuk zure tailerra badaukazu, maisua zara. Etiketa hori jarri zidaten. Saria jaso eta gero, bi urte barru joateko gonbidapena egin zidaten. Simposiumaren hamargarren urteurrena da eta zerbait berezia egin nahi dute, baina bakarrik maisuek dute joateko aukera.

Ikusle asko izan al zenuten?
Asko. Egun batzuetan hainbeste bon jour, merci eta mezie-rekin nazkatuta bukatzen genuen. Denek galdetzen zuten zein egur lantzen ari ginen, nondik nentorren,... España, Pay Basque, jartzen zuen nire aurkezpenean eta batzuek bazekiten non ginen, besteek ez,...

Ezkiaren egurra erabili duzu beraz, ezta?
Bai tila arbolarena, ezkia. Hango basoetakoa. Egur ona da lanerako.

Beraiek jartzen zuten egurra?
Bai materiala beraiek ipini dute. Enbor ezberdinak zeuden, batzuk hobeak eta besteak txarragoak. Harriak ere berdin, harri batzuk zeuden izugarri handiak eta beste batzuk txikiak, metro kubiko batekoak eta 50 metro kubikokoak, batzuk pitzadura handiekin,... beraz hurrengoan ere segur-aski egurra landuko dut. Zozketa izaten da, eta aldea dago, izugarrizko begiak zituzten egurretako bat tokatuz gero,... Hiru zenbakia zuena ikusi eta hari bota bion begia. Ea tokatzen zaidan, eta tapa, hirua tokatu zitzaidan. Ze ona!!!

Han geratu al da eskultura?
Nirea da eskultura, baina komentatu zidaten han uzten baldin banuen, lehendabiziko saria jaso eta gero, seguru aski salduko nuela. Banketxeek eta erakundeek erosten omen dituzte.

Prezioa jarri al diozu?
Bai jarri diot, baina Suitzan ere krisiak eragina izan du. Bakoitzak bi eskultura eraman ditugu erakusteko eta ez da ezer saldu. Herriak 12.000 biztanle ditu, 1.500 espainiarren kolonia dago han inguruan eta euskaldunen bat ere bai. Laku bat dago, Leman, lorez inguratuta, oso turistikoa da. Dirua badagoela esan zidaten. baina ez dakit seguru.

“La damme de Morges” jarri diozu izena lanari, zer dela eta?
Joan eta izenburua jarri behar zitzaiola esan zidaten. Buelta bat eman nuen eta denek La flor de Morges, El Espiritu del Lago, (denak Morges eta inguruarekin lotutako izenak jarri zioten, Morges-i, fleur du lac, lakuko lorea deitzen diote) eta nik ere La damee de Morges jarri nion. Mutur handi xamarra nuela esaten zidan argentinarrak, baina zer egin behar nuen, bada?

Emakumeen eskulturak sarri egin dituzu, ezta?
Bai, eta hamabi egun zirenez, pentsatu nuen erraz egitea. Miramar jauregian dagoen piezaren antzekoa da, horrela ez neukan asko pentsatu beharrik, nondik nora sartu behar nintzen,... eskultura express-a izan da. Simposiumek hori dute txarra. Alde batetik jendea ezagutzen duzu, besteen lana begiratu eta alderatu, zein maila daukazun ikusi, baina bestalde, eskultura bat egiteko ez da tokirik onena. Azkar egin behar duzu, ondoan jendea duzu argazkiak ateratzen,... Askotan pentsatzen nuen zoo bat zela hura eta gu animaliak. Espektakulua da, ikuskizun handi bat.

Zein balio ematen diozu jaso duzun sariari?
Saritzen zaituztenean barruan beti sentitzen duzu poz hori, eta garaikurra eman zidatenean, zein ederki amari oparitzeko, pentsatu nuen. Baina hona itzuli eta egun batzuek pasa eta gero, jada ez dut gogoratu ere egiten. Sariak balio du mediatikoki ezagutarazteko. Hango egunkari batean ere erreportaje bat egin zidaten...

Sari hobea izango da bi urte barru berriro simposium-era joateko aukera, ezta?
Hori da. Niretzako saririk onena orain enkarguak edukitzea eta egiten ditudan lanekin, eguneroko lanarekin, bezeroak gustura gelditzea da.
Dena den, han mordoxka ginen, jendeak lan asko eta lan onak egin ditu, eta bost pertsona dira hori erabaki dutenak, beraz gustura nago sariarekin. Itzuli eta egunkari batean edo bestean kontatu, eta lanen bat eskatu didan jendeak ikusi dezala proiekzio bat daukadala edo saltsa horretan jarraitzen dudala.

Zein lanetan diharduzu orain?
Bi enkargutxo bukatu beharra dauzkat eta gero marmolezko plantxa horrekin hasi behar naiz. Hiru hilabeteko lana daukat hor. Teknikoki oso lan delikatua da. Horretan zentratu nahi dut.
Martxa ematen al dizu Miguel Angelek bere eskulturak egiteko erabiltzen zuen marmol zuri berbera erabiltzeak?
Bai, kuriositate moduan ondo dago. Orain arte ez dut Italiako marmola landu eta beti irakurri izan dut edo esan didate izugarri ona dela. Orain ikusiko dut benetan horrelakoa den.

Beste proiekturik?
Orain hau bakarrik daukat buruan. Hau bukatzen dudanean harrizko eskultura bat ere egin behar dut,... eta bada beste proiektu bat: Usurbilen, Mikel Laboaren omenezko eskultura lehiaketa bat planteatu behar dute eta gustatuko litzaidake denbora piskat baldin badaukat proiektu bat prestatu eta aurkeztea. Erakargarria da niretzako. Mikel Laboa Euskal Herrian izan denarekin, bere omenez zerbait egitea... Totem bat da euskal kultur mailan.

Aurretik egon al zara horrelako simnposium batean?
Hirutan parte hartu dut. Egurrezko eskulturen batean Frantzian eta harrizkoen batean Almerian. Beti berdina da, lan pila bat egiten duzu, jendea ezagutzen duzu, urtean zehar horiekin informazioa trukatzen duzu, hemen lehiaketa dagoela, han simposiumn-a,...
Urtean behin edo bi urtean behin bat egitea ondo dago. Baina apur bat tromamundos-a izan behar zara,... Suitzan adibidez janaria txarra zen, okela asko, saltxitxak,... Dena jaten nuen, ez neukan besterik baina,... Laku bat daukate ondoan, arrainak badira, baina arrainik ez dute jaten. Behin espainiar batek gonbidatu ninduen etxera afaltzera eta zerbait berezirik nahi nuen galdetu zidanean arraina eskatu nion.

Simposium-ei buruzko iritzia eskatu nahi nizun, baina elkarrizketan zehar erantzun didazunez...
Curriculum-aren motxila nolabait betetzeko balio du, baina ez diot garrantzia berezirik ematen. Esaten didate, "nazioarte mailako sari bat jaso duzu,...", bai, garrantzitsua da, ulertzen ditut, baina horrelako sari bat jasotzeagatik ez du esan nahi lana hobeto edo okerrago egingo dudanik edo hemendik aurrera hobea naizenik. Parentesi bat da, goxoki antzeko bat, curriculumean jartzen duzu eta kitto.

Konkretuki egurra landu dutenen 12 eskultoreen artean lehen saria jaso duzu, ezta?
Bai eta ez nuen espero gainera. Beste bi sari ere badaude, eta duela bi urte, lehen saria, harria lantzen duen suitzar batek lortu zuen, egurra lantzen dutenentzako saria ere suitzar batek eta ikusleen saria ere suitzar batek. Esan nuen, hemen sariena salduta dago, ez dago zer eginik. Aurten, harrizko lanen arteko saria suitzar batek eraman du, ikusleen saria ere beste suitzar batek eta egurrezkoen artekoa nik.

Euskal Herria Suitza bezala menditsua delako ala?
Ba,i antzekoa da. Baina uste genuen aurretik erabakita zegoela eta ezustekoa hartu nuen.

Bestela, lanik ez duzu falta, egindako guztia "kolokatzen" duzu?
Bai, eskaera bat eginda daukat pare bat urte barru Donostian Euskal sorginen feminitateari buruzko erakusketa bat egiteko ere. Lan batzuk eginda dauzkat eta, aurrera badoa, beste batzuk egin beharko ditut.

Nafarroako etxe eta tailerraren egitasmoa, zer moduz dago?
Han dago. Orain kanpoko aldea txukundu nahi dut. Momentuz, Hernaniko tailerrean jarraitzen dut, baina egunen batean joateko prestatzen ari naiz.

Jubilatzen zarenerako?
Ez, lehenago ere bai. Nahi nuke harrian egin beharreko lanak ateratzen diren heinean han egitea. Harriak hori dauka, konpresorearekin lana egiten denez, zarata handia ateratzen da. Orain ere marmolarekin ea bizilagunekin zer gertatzen den!. Esan diet goizez bakarrik lan egingo dudala.