Aste honetan erabakiko da Santa Ana txapelketako finalistak zeintzuk diren

Txintxarri Aldizkaria 2009ko uztailaren 13a

Euriari aurre eginez, jokatu ziren lehengo astean Santa Ana pala txapelketako final laurdenak. Hasiera baten astelehen eta asteartean jokatu behar ziren partidak, euriarengatik asteazken eta ostegunera atzeratu ziren.
Asteazkenean Alain Etxebestek eta Iñaki Lizasok Benito eta Joserra garaitu zituzten 35 eta 26. Partida zaila izan zen pilotalekuan ura zegoelako eta euriarengatik 30 minutuko etenaldia egin behar izan zutelako.
Bigarren partidan, Jon eta Mikel Begiristain anaiak hasieratik aurreratu ziren Ioritz Iparragirre eta Jon Pello Artetxeren aurkako partidan. Azken emaitza, 35 eta 20 izan zen.
Iñigo Arluziaga eta Imanol Bardajik Bernaitz Odriozola eta Shanti Martinen aurka jokatu behar zuten partida asteartean hasi bazen ere, ostegunera atzeratu zen emaitza 29 eta 21 zelarik. Ostegunean, Arluziaga-Bardaji bikoteak zeukaten errenta mantendu eta 35 eta26 gailendu ziren.
Azkeneko partidan, Jon Lizaso eta Txemak Xabier Etxezarreta eta Mikel Bardajiren aurka 25 eta 35 galdu zuten.

Final aurrekoak

Txapelketa azken txanpan sartzen da honela eta gaur eta bihar, eguraldiak laguntzen badu, final handian nor lehiatuko den erabakiko da.
Gaur, 19:30etan, Alain Etxebeste eta Iñaki Lizaso Iñigo Arluziaga eta Imanol Bardajiren aurkako lehia ikusiko da eta bihar, ordu berean, Jon eta Mikel Begiristain Xabier Etxezarreta eta Mikel Bardajiren aurka egingo dute.