Euskara ez dadin erabat arrotza izan

maria-agirre 2009ko uztailaren 13a

Ilusioz ari dira euskara ikasten, gogorik ez zaie falta. Ez dakite urruti iritsiko ote diren. Momentuz, oinarrizkoena ikasi nahi dute. Zer moduz zaude? Nongoa zara? Horrelako esaldiak euskaraz erantzuteko gai izan nahi dute. Lortuko dute. Aste bat pasa dute euskarazko eskolak jasotzen, eta jada, nahiko ondo moldatzen dira galdera horiei erantzuteko. Zenbakiekin ere ondo ari dira. Hala ere, oraindik ez dira ausartzen okindegira joan eta ogia euskaraz eskatzera. Udal Euskategiak urtero etorkinentzat antolatzen dituen ikastaroko ikasleak dira guztiak.

Guztiak etorkinak dira, eta arrazoi bat edo beste tarteko, Lasarte-Orian bizi dira. Ez dakite zenbat denboraz izango diren herrian, baina denbora tarte horretan euskara ikasteko asmoa dute.
Uztailean, Euskaltegiak etorkinentzako dohaineko euskara eskolak antolatzen dituela aprobetxatuz, animatu eta euskara ikasten hasi dira. Pena da, baina ikastaroak hilabete bakarrik irauten du. Batek baino gehiagok jarraituko luke, baina ondorengo ikastaroak ez dira dohakoak, eta hori, muga handia da.

Jatorri desberdinekoak

Mari Carmen Perukoa da. Familiarekin Lasarten bizi da, eta “harrituta” dago 8 urteko alabak euskaraz zein azkar ikasi duen ikusita. "Landaberri ikastolan ari da, eta urbetean euskara ikasi du. Nik, baina, ezin diot etxeko lanetan lagundu. Gustatuko litzaidake, baina, ez dut euskara ulertzen. Horregatik hasi naiz ikasten.”
Petko, berriz, bulgariarra da. Zortzi urtez eraikuntzako enpresa baten egon da lanean, baina duela hilabete gutxi enpresak porrot egin, eta Petko langabezian gelditu da. “Langabezian egonik, etxean aspertu egiten naiz. Horregatik erabaki dut ikastaroan parte hartzea.” Aitortzen du euskara ikastea ez dela erraza, baina denbora aprobetxatzen ari da.
Amandineren kasua bitxia da. Frantziarra da eta frantsesa irakasten du Hizkuntza Eskolan, baina, era berean, euskara ikasten hasi da. “Pozik ari naiz, eta euskaraz hitz egiteko gai izan nahi nuke. Baina ez dakit lortuko dudan, ez da oso erraza”. Mor senegaldarrak, berriz, lau hizkuntza dakizki, eta, orain, Euskaltegian hasi da. “Baditut euskaraz hitz egiten duten lagunak, eta asko animatzen naute. Euskaraz agurtzeko gai naiz, baina gehiago ez. Aditzak oso zailak dira”.
Xabier argentinarra, berriz, gai da zer ikasten ari den euskaraz esateko. Josune irakaslearen laguntzarekin, zurgintza eta altzarigintza ikasten ari dela esan digu euskaraz. “Kalean baina ez naiz ausartzen ezer euskaraz esatera”.
Ekuadorko Javierrek, berriz, denbora gutxi darama Lasarten. “Nire ahizpak denbora gehiago darama, eta nahikoa ulertzen du euskaraz. Nik ere lortu nahi nuke hitz batzuk euskaraz egitea. Ikastaroa aukera ona da, eta animatu egin naiz.”

Lana dute helburu

Guztiak etorri dira lanera, eta lanak du lehentasuna. Familia aurrera ateratzeko dirua behar dute. Franchesca, Carlos eta Andres, berriz, ikasleak dira. Franchesca batxilergoan hasiko da irailean, A ereduan. Hala ere, euskara ere gainditu beharko du, eta ikastaroa oso ondo datorkio zertxobait ikasteko. “Euskara ez zait erraza iruditzen, baina oso zaila ere ez. Ataungo lagun bat dut, eta han dena euskaraz egiten da. Apurka-apurka banoa zerbait ikasiz.”
Carlosek ere batxilergoan jarraituko du irailetik aurrera. “Euskara gainditu beharko dut, eta oinarri bat hartzeko ikastaroa oso ondo datorkit”. Eta, bukatzeko, Andres. Irailean ingeniaritzako ikasketak hasiko ditu. “Ikasketa horietarako ez dut euskara behar, baina, amak esaten dit euskara ikasi behar dudala, etorkizunean edozein lan bilatzeko garrantzitsua izan daitekeela.”
Aisa izena du, etorkinentzat urtero Euskaltegiak antolatzen duen ikastaroak. Harrera-ikastaroak dira. Oinarrizkoena irakasten dute. Helburua, urtean jarraitzea izango litzateke, baina irakasleek aitortzen dute etorkinentzat “zaila” dela. “Dirua da arazoa. Batzuk jarraituko lukete, baina hasieran jarri beharreko diru kopurua handia da haientzat. Horrek atzera botatzen ditu”.