Goiegi Ibarreko esleipena lehiaketara

Txintxarri Aldizkaria 2009ko uztailaren 13a

Ekonomiako, Ogasuneko eta Ondareko batzordeak ostegunean onartu zuen Goiegi Ibarreko 76 Babes Ofizialeko Etxebizitzen eraikuntzaren esleipena egiteko baldintza-agiria lehiaketa publikora ateratzea.
Lasarte-Oriako Udaleko alkatetzatik ezagutzera eman dutenez, lau udal-partzela dira, horietako bakoitza udal-titulartasuneko 19 etxebizitzako eraikin batekin.
Ekimen garrantzitsua da eta lasarteoriatarrei aukera emango die merkatu librean dauden prezioetan baino baxuago 76 etxebizitza eskuratzeko. Hauek zozketa bidez esleituko dira.
Ana Urchueguía alkateak azaldu duen moduan, "etxebizitza eskuratzeko erraztasunak jarri nahi ditugu bizi-kalitate hobea ziurtatuko duen udal politika aurrera eramanez".
Orain hilabete izango dute enpresa ezberdinek bere proposamenak aurkezteko eta obra irailean esleitzea aurreikusten da.