Lorraine eskualdean ibili dira, uztailaren lehen astean, bertako akordeoi taldeak gonbidatuta. Guztira hiru kontzertu eskaini dituzte. Horietako bat Villerupt herrian, 410 lagun joan ziren kontzertura. Guenange herriko kontzertura, berriz, 395 joan ziren, eta bukatzeko Joeuf herrikora, 475.
Zero Setteren emanaldia
Lorrainek antolatutako FIA 2009 III. Jaialdian hainbat akordeoilari famatuk parte hartu zuten. Frantziako Guy Giuliano, Portugalgo Joao Frade, Italiako Giancarlo Salaris eta Michael Bridge kanadiarrak esku hartu zuten jaialdian, eta maila zein estilo paregabea erakutsi zuten.
Zero Settek ere denbora tarte handia izan zuen errepertorioa erakusteko. Danza del Sable, Violentango, Air, El Caserio, Bagatela eta El tambor de Granaderos eskaini zituen Lasarteko akordeoi orkestrak.
Hain zuzen ere azken obrarekin, jendea zutitu eta txaloka hasi zen. Antolatzaileek esan zutenez, aurreko edizioetan ez zen horrelakorik gertatu. Beraz, Zero Settek lortutako arrakasta erabatekoa izan zen.
Ikusleen eskariz, Zero Setteko partaideek jotzen jarraitu behar izan zuten. Guillermo Tell eta Edith Piafen bost arrakastak interpretatu zituen herriko taldeak. Hain zuzen ere, Celino Brattik konposatutako obra, Elias Goikouria zuzendariak prestatutako sorpresa izan zen. Entzuleak “txoratuta” gelditu omen ziren, lasarteoriatarrek emandako bukaerarekin.
Baina kontzertuak eskaini ez ezik, Lorraineko eskualdea bisitatzeko aukera izan dute akordeoilariek. Meategi bat bisitatu dute, eta Metz hiria ere bai. Homecourteko udaletxean gainera, alkateak egin zien ongi etorria.
Lasarten ere bai
Datorren irailaren 26an Lasarten egingo da VI. Akordeoi Jaialdia. Hain zuzen ere, jaialdi horretan aurkeztuko dituzte Edith Piafen bost arrakastak.
Baina hori baino lehenago beste egiteko batzuk izango ditu taldeak. Uztailaren 19an, esaterako, Asturiasen izango dira, Pola de Siero herrian. Datorren asteburuan jaiak dira herri horretan, eta lasartekoek bertan jotzeko gonbitea jaso dute. Horretaz gain, Donostiako Aste Nagusian ere joko du taldeak, boulevardean hain justu.