Lurralde-antolamenduaren garrantzia kontuan hartuta, ibilgailuen erabilera gutxitu eta mugikortasun iraunkorra bultzatzeko, Lasarte-Oriako Udalak mugikortasun eta irisgarritasun estrategia martxan jarri zuen.
Estrategia horren baitan, peatonalizazioan eta bizikletaren erabileran oinarrituta egitasmo bat aurrera eraman nahi du eta horretarako oinezkoen eta garraiobide alternatiboen joan-etorrien aldeko azpiegiturak sortu behar ditu.
Lanak
Proiektuak ibaiaren ondoan udalerriko auzo ezberdinekin lotura duen 3 kilometroko ardatz bat sortzea dakar. Honek, gainera, Gipuzkoako sarearekin bat egingo luke.
Proiektu handia izanik, zortzi zatitan banatu da eta hilabete hauetan bidegorri sarea osatuko duten 1.083 metro egingo dira.
Egun ibai ondoko pasealekuan, Ola kalean (67m), Industrialdeko eremuan (121m) eta Oriako pabilioien atzealdean (440m) ari dira lanean. Eta eremu horretatik kanpo, Geltoki kalea eta Hipodromo etorbideko bidegurutzetik tren geltokira, eta handik Atsobakar auzora doan bide tartean ere lanean dihardute.
Lan hauen ostean, 2km baino gehiagoko ibilbidea, hau da, bidegorriaren ehuneko handia bat prest egotea ekarriko luke.
Oria ibaiko pasealekua
Bestalde, gobernu taldeak uste du Oria ibaiaren ondoko pasealekua berreskuratzeak espazio horren ingurumena eraberritzen lagunduko duela. Era berean, oinezkoentzako pasealekua bermatuko du ibai-bazterra komunikazio eta aisialdi gunea bihurtuz eta, paisaiari dagokionez, ibaia hiri-bilbean integratuko du.