Joan den ostegunetik aurrera, beste 13 saltokik dute euskara ziurtagiria. Horrek esan nahi du, denda horietan erosleak euskaraz eskatzeko aukera duela. Hori dioen ziurtagiria izango dute.
Honako saltokiek jaso dute ziurtagiria: Maite Erkizia ile-apaindegiak, Mugika auto-eskola, Berasategi kafeak, Etxezarreta harategia, Adats ile-apaindegia, Maya lentzeria, Biona arrandegia, Ges aseguruak, Haritza terapia energetikoak, Ibaiondo fisioterapia zentroa, Indartuz prestakuntza fisikoa, Okela harategia eta Urruzola mertzeriak.
Beste saltoki batek, berriz, plan integrala onartu du, Jose Mari Iturbe dekorazio dendak hain zuzen ere. Horren arabera, denda zein langileak euskalduntzeko pausoak emango ditu. Hala nola, errotuluak eta dokumentazioa euskaraz jarri, besteak beste. Horiek bete ondoren, ziurtagiria jasoko luke saltoki horrek ere.
Udala pozik
Udaleko arduradunek balorazio ona egin dute. Ricardo Ortega Euskara Batzordeko buruak zoriondu egin zituen ziurtagiria jasotako dendariak. Ortegak gogoratu bezala, EAEn euskara ere ofiziala da, eta kontsumitzaileak arreta euskaraz ere jasotzeko eskubidea du. Udalaren aldetik, berriz, eskaintza teknikoa eta dohainekoa eskaintzen dela gogoratu zuen.
Dendariek ere pozik jaso zuten ziurtagiria joan den ostegunean Kulturetxean egindako ekitaldian.
Jose Angel Diaz de Gereñuk, Haritza energia terapeutikoko arduradunak, bere esperientzia kontatu zuen. Jose Angelek kontatu zuenez, kalean ikasi zuen euskara, ez zuen Euskaltegira joan beharrik izan. Hamalau urte zituenean, lagunarte berria egin zuen. Euskara egiten zuten guztiek, eta Jose Angel saiatzen hasi zen.
Saiatu, eta baita euskara ikasi ere. Haritzako arduradunaren arabera, etxean beti gazteleraz egiten zuten, gurasoek euskaraz ez zekiten-eta. Anaiak, baina, euskara ikasi zuen, eta egun batean, bi anaiak euskaraz hitz egiten hasi ziren. Gaur arte.
Egun, Jose Angel euskaraz bizi da, eta lanean ere euskaraz arreta eskaintzeko gai da. “Bezeroak arreta euskaraz jasotzeko eskubidea du. Horregatik, bezero bat saltokira sartzen denean, lehenengo hitza beti euskaraz egiten diot. Gero, euskaraz ez badaki, beti egongo da gaztelerara aldatzeko modua.” Hitz horiekin animatu zuen Jose Angelek dendariak, lehenengo hitza euskaraz egitera.