Atez ateko bilketa antolatzen ari dira

Txintxarri Aldizkaria 2009ko uztailaren 13a

Ricardo Ortega, San Markos Mankomunitateko presidenteak aurreratu duenez, Lasarten ere hasi dira atez ateko zabor bilketa antolatzen. “Hasiera batean N-1 errepidearen eskubi aldean dauden auzoetan egingo litzateke. Hau da, Antxisu, Oria, Basaundi, Bitarte, Arranbide, Oztaran, Goiegi eta Zabaletan. Gutxi gorabehera, 3.000 bizlanle hasiko lirateke zaborra biltzeko sistema berria erabiltzen.”
Mankomunitateko presidentearen arabera, orain guztia antolatzen ari dira: astean zenbat aldiz bilduko duten zaborra, zenbat langile beharko diren horretarako... Arazo nagusiena,berriz, materia organikoarekin zer egin da. “Lapatxeko zabortegian ez dakigu utziko ote diguten materia organikoa uzten. Nahiko beteta dago, baina ahaleginak egingo ditugu hor izan dadin.”

Usurbilen ez da egingo konpostaje planta

Bestalde, Lasarte-Oriako Udalak jarritako alegazioa dela eta, Usurbilgo Udalak bertan behera utzi du Asteasuainen materia organikorako konpostaje planta egiteko asmoa.
Usurbilgo Udalak plan partziala aldatu nahi zuen lur sail horretan konpostaje planta egiteko, baina, Lasarte- Oriako Udalak eta partikular batek aurkeztutako alegazioak direla eta, alde batera geratu da asmoa.
Plan partzialean jasota dagoenez, inguru horretan ez da eraikuntzarik egitea aurreikusten, betiere kirolarekin lotutakoak ez badira. Lasarteko Udalak uste du, konpostajerako planta batek arazo eta eragozpenak eragingo lituzkeela. Hori dela eta, inguruan ziklokroserako pista bat egiteko asmoari eusten diote.
Usurbilgo Udalaren arabera, berriz, lur eremu hori herritik urruti dago, eta ez litzateke asko erabiliko. Horregatik, gune horretan konpostaje planta ezar zitekeela iritzi zioten bere garaian.

Errausketaren aurka

Errausketaren aurkako jaia egin zen larunbatean Zubietan, Errausketaren Aurkako Gipuzkoako Koordinakundeak antolatuta. Goizean, Artzabaletara joan ziren hainbat lagun, Gipuzkoako Diputazioak errauskailua eraiki nahi duen tokira. Koordinakundeko kideek azaldu bezala, Diputazioak errauskailua egin nahi du, eta jada, lur sailak desjabetzen hasi dira.