Ekintza bandalikoen salaketa

Txintxarri Aldizkaria 2009ko uztailaren 16a

Lasarte-Oriako Udalak lerro hauen bidez salatu nahi ditu Osasun zentro berriko eraikinean egon diren ekintza bandalikoak.
Bertan, ate metaliko bat, teilatuko tapa bat eta Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoko kristalak puskatu dituzte.
Ekintza hauek baino egun batzuk lehenago, gainera, argiak puskatu zituzten Tajamar eta Atsobakarreko errotondetan eta kontainerrak erre zituzten Goiegi urbanizazioan eta Azkorte bidean.
Kalte hauen guztien kostua 6.000 euro ingurukoa dela azpimarratu du Lasarte-Oriako Udalak.
Zerbitzu Publikoetako saileko arduraduna den Martin Morenok azaldu duenez, "etengabeak dira anbulatorio berriko eraikinak jasaten dituen kalteak, eta baita udalerriko beste gune batzuetan gertatzen direnak, adibidez, Villa Mirentxun edo Zirkuitu ibilbidean."
Morenoren hitzetan, "ondo pasatzeko ez dago zertan altxor publikoa apurtu behar, herritar guztien artean ordaintzen duguna."
Bandalismo maila honen aurrean, horrelako ekintzak berriro ere ez suertatzeko neurriak hartuko dituztela adierazi du, zaintza gehituko dute eta hondaketak egin dituztenak gogor zigortuko dituzte.