Santa Ana eguneko ospakizunak

Txintxarri Aldizkaria 2009ko uztailaren 16a

Uztailaren 26a, Santa Ana eguna, gertu dago eta urtero bezala, Ttakun kultur elkarteak egun horretarako ekintzak prestatzen dihardu.
Meza, luntxa, karrikan ikurrina jarri eta agurra dantzatzea eta, ohitura denez, Lasarte-Oriako eta inguruko gertaera garrantzitsuak errepasatzen dituen parodia.
Aurten berri nagusia, lekua aldaketa da. Okendo plazako lanak direla eta, parodia Isla plazan egingo da.
Urtero legez, Lasarte-Oriako herritar edo elkarte bat omenduko du parodiak, Beltzak Rugby taldea. Kirol taldea honek bere 25. urteurrena du aurten eta hori ospatzeko hainbat ekitaldi burutu ditu. Gainera, rugby eskola iraunkorra ezartzeko asmoa ere badute.

Aktore eta laguntzaileak

Azken aste hauetan gidoiari azken ikutuak eman ostean, asteazkenean hasi zituzten entseguak.
“Hala ere, paper guztiak ez daude banatuak,“ jakin arazi digute Ttakuneko parodiako arduradunek. Beraz, oraindik aukera dago parodian parte hartzeko, gainera paper guztiek ez omen dute testurik, “figuranteak” dira.
Parodiako arduradunek aipatu digutenez “aktore lanetan edo laguntzaile moduan parte hartu nahi duenak Ttakunetik pasa edo entseguetara ager dadila.”
Entseguak egunero egingo dira, 18:30etik 20:30era, Manuel Lekuona kultur etxeko areto nagusian. Lotsa guztiak alde batera utzi eta anima zaitezte!