Aurten Okendon ezin eta Dorre Parkean, Brijidatarren Enparantzaren ondoan, jarriko dute postua 18 artisauek: Kandelak, bitxiak, otarrak, margolanak, larrua, zurezko jostailuak, egurrezko koilareak, aiztoak, liburuak, pilotak,... denetarik egongo da salgai.
Guztien artean nabarmendu daiteke, aurten seda margotuak jarriko dituela ikusgai, Marivi Perez madrildarrak. Goizean 10etatik 14etara eta arratsaldean 17etatik 20etara egongo da zabalik azoka .
Gainera beste 30 postu izango dira jateko produktuekin, besteak beste, gazta, taloak, erroskilak, euskal pastela, barazkiak, zerrikia, sendabelarrak eta kontserbak erosi ala dastatu ahal izango dira Azokan. Berrikuntza moduan, saltzaile batzuek jatekoa "hutsean" ontziratzeko aukera emango dute.
Bestalde, eskulangintza azokan urtero izaten dira lana bertan egiten duten artisauak. Aurten bi izango dira, esperientzia handia daukatenak gainera, aurreko urteetan ere Lasarte-Orian izan dira eta: Matxinbentako Iñaki Agirrezabala gaztainondoarekin otar edo saski txikiak egiten arituko da eta Vianako Blanca Jubete, aldiz, jaboiak egiten.
Bestalde, girorik ez da faltako egun osoan zehar: Patxi Etxeberria eta Txomin Garmendia bertsolariak eta Amalur eskolako trikitilariak arituko dira goizean Eskulangintza Azoka girotzen.
Antolatzaileek erronka moduan hartu dute aurtengo azoka, kokapen berria dute bizpahiru urterako, Okendoko plaza berria egin bitartean, eta ez dakite ondo nola aterako den aurtengo azoka, baina itxaropentsu dira. Euren ustez, arbolak daude kokaleku berrian eta beraz, eguraldi eguzkitsua egiten badu ere, itzala izango dute hurbiltzen direnek eta bestalde, umeen parkea ere ondoan da.
Bestalde, Antton Salsamendi, antolatzaile taldekoak nabarmendu duenez, arlo guztietara zabaltzen ari den krisia, kulturgintzara ere iritsi da: aurten Udalak aurrekontua ehuneko 30ean txikitu du. Hala ere, artisau sorta bikaina ekarri ahal izan dute eta horren ondorio da herriko artisauen kopurua ugaritzea ere.
Herriko artisau ugari
Aurtengo Azokaren ezaugarrietako bat da herriko artisau asko izango direla. Aurreko urteetan baino gehiago dira herrikoak, aurten zazpi postu: bitxigintzan aritzen diren Koro Ortega eta Arantxa Martín, larrua lantzen duen Serbando Iglesias, bitxigintzan ari den Ainhoa Elizegi eta material ezberdinekin eskuz aiztoak egiten dituzten Josemari Berasarte eta César Bozal.
Gainera postua jarriko dute Mertxe Galdos eta erretiratuen elkarteko eskulanen taldeko lagunek, Gumer Perez eta herriko ehorziri-taldekoek eta azkenik Ekain Liburudendako Iñaki Chourraut-ek aurten ere liburuak kalera aterako ditu. Gainera antolatzaileek adierazi digutenez, hurrengo urteetan herriko eskulangile gehiago izango dira. Aurten, arrazoi ezberdinengatik, batzuk etortzerik izan ez badute ere, hurrengo urteetan Lasarte-Oriako eskulangintza azokan izango dira: esaterako kristala lantzen duen Andoni Iparragirre, egurra lantzen duen Gotzon Huegun, eta bitxigintzan aritzen diren neska batzuek.
Omenaldia
Josemari Berasarte eta César Bozal lasarte oriatarrek iaz bezala laban berezi bat egin dute sukaldari ezagun batentzat. Iaz, bereziki berarentzat egindako laban hori, Martin Berasategi sukaldariari eman zioten, eta aurten Juan Mari Arzak-ek jasoko du.
Ideia iaz izan zuten artisauek eurek, urtero sukaldari bati sukaldean erabiltzeko moduko laban zorrotz eta ikusgarria oparitzeko. Janaria txikitzeko moduko laban handia merkatuan dagoen altzairurik onenarekin egin dute, eta heldulekua zein gordetzeko narruzko zorroa ere oso landuak daude.
Eguerdiko 12etan harrera egingo zaie Arzak eta Berasategiri, eta azoka bisitatuko dute. Hamabiak eta laurdenetan Etxeberria eta Garmendia bertsolariek saio bat egingo dute eta 12:30etan emango zaio beretzat bereziki egindako labana Juan Mari Arzak-i. Honen alaba, Elena Arzak ere gonbidatuta dago igandean Lasarte-Oriara etortzeko.