Etxezarreta-Bardaji eta Arluziaga-Bardaji, Santa Ana pala txapelketako finalean

Txintxarri Aldizkaria 2009ko uztailaren 17a

Santa Ana pala txapelketako finaleko bikoteak erabaki ziren aste honetan, final aurreko interesgarrietan.
Partida horietan Iñigo Arluziaga-Imanol Bardaji eta Xabier Etxezarreta-Mikel Bardaji bikoteek eskuratu zuten finalerako txartela.

Partidak

Euria izan zen protagonista berriro ere astelehenean. Atertzeko itxurarik ez zuenez, lehenengo final aurrekoa, Etxebeste-Lizaso eta Arluziaga-Bardaji, asteazkenean jokatzea erabaki zen.
Eta honetara, asteazkenean, Iñigo Arluziaga eta Imanol Bardaji nagusi izan ziren partida hasieratik.
8 puntuko errenta izatea lortu zuten, azken puntuak arte. Orduan, Etxebeste-Lizaso bikoteak erantzun eta bi tantora, 29-31, egotea lortu zuen.
Baina ezin izan zioten markagailuari buelta eman eta Arluziaga eta Bardajik lortu zuten garaipena.
Astearteko partidan, berriz, Begiristain anaiek Xabier Etxezarreta eta Mikel Bardajiren aurka 33 eta 35 galdu zuten.
Partida interesgarria izan zen benetan. Begiristain anaiak nagusi izan ziren partida hasieratik eta Jon atzelariaren lana nabarmentzekoa izan zen.
Jon eta Mikel Begiristain aurretik egon ziren partida osoan eta 10 tantoko errenta lortu zuten. Etxezarreta-Bardaji bikoteak akats ugari egin zituen eta, gainera, partida erdian, Xabier Etxezarreta atzelariak belaunean min egin zuen.
Tamalez, partidako azken tantoetan Etxezarreta-Bardaji bikotearen esperientziak zer esana izan zuen. Jon Begiristain atzelaria nekatu eta buelta eman zioten markagailuari.

Ikusleak

Nahiz eta txapelketa Michelin fabrika ondoko pilotalekuan jokatzen ari den, herri gunetik urrun, azken fase honetako partidetan, herritar ugari bildu da jokalariak animatu eta partidetaz gozatzera.