“Ahotsa da musika tresnarik ederrena”

jon-altuna 2009ko uztailaren 17a

Jon Lasak aurten utziko du ikastolako lana. Erretiratzeko adinera iritsi da, baina ez du musikarik utziko. Amalurren segituko du eta urtean zehar herrian ikasleekin burutzen dituen hainbat emanalditan ikusiko dugu. Bere ustez, musikak herriari begira egon behar du eta eskola da herri musika horren oinarria. Bestalde, dagoen musika tresnarik ederrena eta politena ahotsa dela dio. Eta denok dugula ahotsa. Dudarik gabe kantatzea gustukoa du.

Amalur musika eskolan Jon Lasarekin izan genuen solasaldian ondoko gelan zeuden ikasleen gitarra eta trikitixa hotsak entzuten ziren. Arratsaldero aritzen dira musika ikasten, guztira ehun bat lagun. Azken zortzi urtetan Landaberri ikastolan eta Amalurren aritu da musika irakasle. Ordura arte, ikastolan bakarrik. Jon Lasa, jolasa izan da hainbat musika ikaslerentzat. 32 urtean ehundaka neska mutil jardun dira berarekin. Gainera, bera, musika eta jolasa uztartzen saiatu da beti.

Betidanik ezagutu zaitugu musikari lotuta, nondik datorkizu zaletasun hori?
Lasarten 32 urte daramat musikarekin lotuta Lanbaberri ikastolan. Hasieratik oso garbi neukan ez nuela musika betiko moduan irakatsi nahi, ez nuen kontserbatorioko eskola bat izan nahi, baizik eta herriari begira zegoen zerbait nahi nuen. Herri festak bultzatu nituen ikaragarri: Inauteriak, Santa Ageda, Eguberriak, Korrika, Maratoia... horrelakoetan makina bat aldiz ateratzen gara urtean zehar. Gero trikitixa eskola sortu genuen, eta jarraipen bat eman genion.

Zein ikasketa egin zenituen?
Ni 11-12 urterekin jada Altsasun nintzen seminarioan, eta musika oso garrantzitsua zen han, era guztietakoa musika. Pianoarekin eta armonioarekin hasi nintzen: Aita Donostia, Olazaran, oso musikajole onak zeuden eta orduan sortu zen nire zaletasun hori.

Erretiratu egingo zara laster...
Azaroan 30ean erretiratuko naiz Landaberriko lanetik. Erretiratzearen kontu hori ez zait gustatzen; esan dezagun, nire motorraren martxa aldatu egingo dudala: martxa mantsoagoa jarriko dut.

Ez duzu, beraz, musika utziko?
Ez, ez, Landaberriko festetan jarraituko dut parte hartzen, oso gustura joaten naiz eta joango naiz. Eskolarekin ere, jarraituko dugu trikitixa-panderoarekin eta txistulariekin. Hemen ibiliko gara.

Zer moduz moldatzen zara irakasle lanetan?
Oso ondo, oso talde ederra daukagu. Zazpi urte bete ditugu eskola ireki genuenetik. Zortzi urte hauetan 200 ume inguru pasa dira. Orain 100 bat ditugu.

Musika eta jolasa uztartu beharrekoak al dira?
Bai, halabeharrez. Musika emateko modu bakarra da, bestela oso astuna bihurtzen da. Kontu handiarekin ibili behar da. Solfeoa ematen dugu, baina jolasarekin lotuta, oso astuna baita eta umeak oso erraz aspertzen dira. Modu lasaiago eta atseginagoan, edo jolas, irudi eta marrazkien bidez, pixkanaka, ia enteratu gabe, ikasten ditu notak umeak.

Posible al da hori?
Bai, bai. Beste eskoletan estutu egiten dute eta onak direnak bakarrik egiten dute aurrera; erdipurdikoak normalean bazterrean geratzen dira eta hori oso gogorra da niretzat. Gure erritmoa lasaia da, denbora badaukagu eta umeak aspertzen ez badira, azkenerako oso ondo ikasten dute. Modu atseginean egitea modu bakarra da musikarekin gozatu dezaten eta aurrera begira planak egin ahal izateko. Horrela ikasi dute hainbat umek: badira bikoteak osatu eta jada erromerietan dabiltzan gazteak ere. Poza ematen du horrela ikusteak. Baina, lasai ibili behar da, behartu gabe, beraiei lagunduz, eta beldurra kenduz... mantso mantso, umea musikaren munduan murgilduz.

32 urte hauetan zenbat ikasle pasa dira zure eskutatik?
Ene,... Musikatik gela eta ikasle guztiak pasatzen dira. Nik uste dut milaka pasa direla nire eskutatik, Lasarteko gazteen ehunetik 70 bat.

Ba al dira gaur egun musikan ari direnak?
Bai. Badaude musikatik bizi direnak. Nik base bat eman nien ikasle horiei eta musika atseginez hartzen ikasi zuten, joko eta jolas moduan erakutsiz. Gero bidea zein garbi zuten ikusita, bere pausuak ematen dituzte eta beste toki batzuetara jo dute. Oso inportantea da musika modu alaian eta gustura hartzea.
Eskolaren garrantzia handia da, eskolatik hasi behar dira. Musikagintzan izarrak ere badira eta euren bidea egingo dute, beste bide bat, baina besteok herria dinamizatu behar dugu. Txiki txikitatik hasi behar da kantuan, 6-7 urterekin. Umeek oso gustura abesten dituzte, bai umeen abestiak, txalo pin txalo esaterako baina baita era askotako kantuak ere... Isil isilik dago, Xalbadorren heriotza, Euskal Herrian euskaraz, Hegoak ebaki banizkio edo Erribera,... Gozatuz abesten dute.
Nik erakusten dizkiet abestiak eskolan eta gero gurasoekin kantatzeko esaten diet. Edo oporretarako abestien zerrenda bat ematen diet, kotxean eraman eta edozein momentutan abestu dezaten. Eskola herri musikaren oinarria da. Musikak herriari begira egon behar du.

Erromeriek iraungo al dute?
Bai jarraituko dute. Azken 20 urteotan asko aldatu dira, baina herriak bere festak antolatzen dituen bitartean jarraituko dute. Beti dago jendea parte hartzeko prest. Agian lehengo indarra ez dauka, baina leku askotan ikustekoa da jendeak nola dantzatzen duen.

Zuek ere ibiltzen zarete herriz herri, ezta?
Talde handitan ikastolen festetara joaten gara, Kilometroak, Nafarroa Oinez,... Talde txiki bat badugu erromeriatara joateko eta bi orduko erromeria prestatuta duena ere bai.
Ilusioa nuen eskolak diskoa ateratzeko. Azken zazpi urtetan gustukoen izan dituzten piezak aukeratzeko proposatu genien ikasleei, hauek zerrenda bat egin zuten, grabatzeko prest zeuden galdetu eta baiezkoa eman zuten. Azken urtetan egin dugun lanaren bildumatxoa izango da.

Zerbait argitaratzen duzuen lehenengo aldia al da?
Bai, grabazio asko dauzkagu, baina bizpahiru pieza dira edo erromeria txikiren baten grabaketak. Dena den, pentsatzen dut aurrera begira ez dela azkena izango. Esperientzia polita izan da, umeek oso ondo erantzun digute eta jarraitzeko asmoa daukagu.

Zein maila du Lasarte-Oriak musika aldetik?
Maratoia barometro oso interesgarria da herrian zein maila dagoen ikusteko eta harrituta uzten nau zenbat baliabide dagoen ikusteak, musika aldetik zenbat lan egiten den. Jende eta talde asko dago, posibilitate askorekin. Gogo handia dago eta musika maite duen asko.
Beste gauza bat da denei nola irteera eman. Askotan, festetan kanpotik ekartzen dira taldeak, herrian material oso interesgarria badagoela konturatu gabe. Hainbeste talde daude eta Lasarte-Orian ez dute beharrezko laguntzarik jasotzen. Faltan botatzen dut talde horiek elkartu eta taldeei festatan edo urtean zehar zer egingo luketen galdetzea. Baliabide asko dago eta maratoian parte hartzen duen musika taldeen kopurua ikaragarria da eta era guztietakoak dira. Oso herri aberatsa da alde horretatik.

Maratoiko kide izan zinen, nolako esperientzia izan zen?
Ohhh, polita. Hasieran neukan inpresioa zera izan zen: “hau martxan jartzean zein nolako desastrea izango den, hainbeste ekitaldi,... makina honek erantzungo al du?” Eta egia da jendeak erantzun egiten duela. Harrigarria da zein serio eta nolako gogoarekin erantzuten duen.
Festetan erraxagoa da gauzak kanpotik ekartzea, eskatzen dutena eman eta kitto, baina bere festa herriak egiten duenean orduan politagoa da. Maratoian, guztientzat dago egunaren zati edo txoko bat. Maratoia horren adibide garbi bat da. Oso herri gutxitan egingo dira hainbeste ekintza, "hau nola lortzen duzue bada?" galdetzen ziguten.
Egia esan denetik dago, eta ez dago kanpoko ezer, denak bertakoak dira. Kanpokoek ez dute sinesten. Alde horretatik oso herri interesgarria da.

Zein musika tresna jotzen dituzu, normalean?
Txistua, trikitixa eta panderoa ere bai piska bat. Erromerietan gitarra ere jotzen dut. Ikastolan, xirula. Aparte Lizarraga, nire jaioterriko, organista naiz. Herri txikia da eta festetaz gain, batez ere, hiletatarako deitzen didate. Ahalik eta alaienak egin nahi dituzte, eta organorik gabe ez dago funeralik.

Eta musika tresna guztien artean zein duzu kuttunena?
Ni txistuarekin hasi nintzen. Txistu eta danbolinarekin dena daukazu. Azkenaldi honetan galdu egin du, gutxiago entzuten da. Benetan txistua maite duten 8-10 laguneko taldea daukagu. Ari gara txistua kalera ateratzen eta bultzatzen.
Festatako giro eta plazarako, trikitixa, oso ederra eta alaia da. Jendeak bizi egiten du.
Eta nik gehiena maite dudan tresna ahotsa da. Ez da onena, ez txarrena, baina nirea da. Kantatzea ikaragarri gustatzen zait, eta saiatzen naiz umeei ere hori adierazten. Hori da zuena, tresnarik ederrena, beti lagunduko dizuena eta zaindu behar duzuena.