Okendoko lanak geratzeko eskatu dute Ezker Abertzaleko udal ordezkariek

Txintxarri Aldizkaria 2009ko uztailaren 17a

Asteartean Ezker Abertzaleak deituta, herritar talde bat batu zen Okendo plazan, bertan egiten ari diren lanei buruz hitz egiteko. Ezker Abertzaleko zinegotziek zenbait erabaki salatu zituzten, batetik zergatik itxi den hesiarekin Okendo plaza oraindik lanak hasi ez badira, eta zergatik itxi den festa bezperan ondorioz hainbat ekitaldi lekuz aldatuz, esaterako hurrengo asteburuko Artisauen Azoka. Okendoko lanen aurreproiektua onartua dago, "Udaletxea luzatuko da, eta Antonio Merceroren omenezko museoa, hiru etxebizitza, bi 9 pisukoak eta bat 16koa, eta 75 garaje egingo dira. Oinezkoentzat izango da Okendo eta plaza izango du."
Era berean, urbanizazio proiekturik gabe lanak hasi direla salatu zuten. "Egun herrian martxan dauden obra handi guztiak ez dute urbanizazio proiekturik, Goiegi, Zabaleta edo Okendokoek. Baimenik gabe inork ezin du obra bat hasi eta hemen lanean dihardute. Kuriosoena Okendokoa da. Orain, prestakuntza lanak ari dira egiten eta ziur gaude hemen ez direla obrak irailera arte hasiko" adierazi zuten.
Eta honetaz gain, "asteburu honetan, zabaldu eta mojetako arkupeak erakutsi behar dituztela jakin dugu. Beraz, jendea legez kanpoko lan batzuetan sartuko da" aipatu zuten.

Lanak geratzeko eskaera

"Lehengo astean, hau ikusita, obrak geratzeko eskaera egin genuen Udaletxeko erregistroan, urbanizazio proiektua aurkeztu arte behintzat," azaldu zuten.
Gainera, aste horretan egin zen Hirigintza batzordean Iñaki Mujikari luzatu zioten ixteko eskaera. "Aitortu dute legez kanpo ari direla, urbanizazio plangintzarik ez dagoela. Baina lanak ez direla geratuko ere esan zigun, eta Muriasek proiektua laster aurkeztuko duela ere bai," adierazi zuten. "Obra urgentea dela jartzen dute aitzaki, Udaletxean lekurik ez dagoela eta berritu behar dela" gaineratu zuten. “Inork ezin du obra bat baimenik gabe hasi eta zuek bai?” galdetu zioten zinegotziari. Arrazoia eman bai baina ez omen dute atzera egiteko asmorik.
“Legalitatea aipatzen du asko alkateak, baina kasu honetan ez da inon ageri,” aipatu zuten Ezker Abertzaleko ordezkariek. Bestalde zinegotziek salatu zutenez, Udalak bi proiektu egin eta ordaindu ditu, lehenengoa ez zitzaiolako alkatesari gustatu. Gainera, Ezker Abertzalearen ustetan, "Zalantza daukagu Udal arkitektoek legez proiektua egiterik daukaten."
Hau guztiak salatu zuten zinegotziek eta ondoren herritarrek beren kezka eta galderak luzatu zituzten, esaterako proiektua aldatzerik dagoen galdetu zuten. Zaila, bileran aipatu zenez, Urchueguiak legealdi honetan bukatu nahi baitu egitasmoa, hain juxtu hurrengo Udal hauteskundeen aurretik.