Ezker abertzaleko zinegotziak Okendotaz gezurretan ari direla leporatu die Udalak

Txintxarri 2009ko uztailaren 20a

Asteartean zinegotziek lanak urbanizazio proiekturik gabe hasi direla salatu ondoren, argibideak eman ditu Udaleko Hirigintzako batzordearen buru den Iñaki Mugikak

Okendo plazan herritar talde bat bildu zen asteartean, Ezker Abertzaleak deituta, bertan egiten ari diren lanei buruz hitz egiteko.
Bertan egin ziren salaketei erantzun die Hirigintza Batzordeko buru den Iñaki Mugikak. "Erabateko arduragabekeria iruditzen zaigu Okendo inguruko bizilagunen artean ezinegona eta kezka sortzea udaletxe berriaren obrari buruz dudak sortzen saiatuz. Zinegotzi ez atxikiek, etengabe, legez kanpoko ekintzen itxura eman nahi dute Udal honen ekintza urbanistikoei dagokionez, eta hori ez dator errealitatearekin bat. Gehiago ez pentsatzera gonbidatzen ditugu eta oraintxe bertan auzitegietara jotzeko gu salatzera, beraiek planteatzen dituzten legez kanpoko gauza guztiekin, hori baita beren eginbeharra oposizio bezala."
Zinegotzi ez atxikiek salatu zuten hasita dauden zenbait lanek ez dutela urbanizazio proiekturik onartuta; konkretuki Goiegi, Zabaleta eta Okendo aipatu zituzten. Honen inguruan Mugikak gezurretan ez ibiltzeko eskatu die ezker abertzaleko zinegotziei: "Hala ere, gomendatzen diet horren aurretik kontu izateko eta beren gezurrak ez sinisteko. 2008ko urtarrilaren 15eko eta 2008ko martxoaren 7ko Hirigintza batzordeetan, Baztarrika eta Goikoetxea ez atxikitako zinegotzien presentziarekin, behin betikoz onartu ziren Goiegi Ibarreko eta Zabaleta Berriko urbanizazio proiektuak. Edo gezurretan dabiltza edo ez dute egiten lasarteoriatarrek aukeratu zituztenean espero zuten lana."

Okendoko lanak aurrera egingo dute
Mugikak ziurtatu duenez, Okendoko lanak aurrera jarraituko dute: "Hirigintzako azken batzordean azaldu nuen moduan, obrarekin jarraitzeko asmoa dago horren garrantziaren eta urgentziarengatik, zeinaren proiektua onartua izan zen. Uste dut zuek zaretela obraren urgentzia ikusten ez duzuen bakarrak, izan ere, oraingoa udal langile kopurua hartzeko txikia geratzeaz gain, ez ditu gutxieneko baldintzak betetzen herritarrei modu egokian harrera egiteko. Bitxia da, izan ere, udaletxea agintaldi honetan egiten ez badugu salatuko dute inbertsioak eta gobernuko programa ez ditugula betetzen."

Hesia
Okendoko hesiari dagokionez, umorez hartu du Mugikak salaketa, "Hesiarena barregarria da. Broma batekin besterik ezin da erantzun: hesia altxa beharko dugu gutxienez inguruko etxeetako azken pisuetaraino, bestela metalezko hesi horren atzean ezkutatu nahi duguna aurkituko dute: udaleko obra bat! Beharbada, "gardentasun" falta horrengatik ere auzitegietara jo dezakete.