Goizero ikusten ditugu Sagardotegi kalean 9:30ak aldera baloiarekin jolasean edo bankuan hitz egiten. Bertan batzen dira eta ostean txokoetako begiralearekin doaz
Oporrak bakean egitasmoko Saharako haurrak ditugu. Uztailaren 11ean iritsi ziren eta bi hilabete igaroko dituzten Lasarte-Orian.
Hilabete hauetan ekintza ugari burutuko dituzte, hala nola, txangoak Txikiparkera, Aquariumera edo Santa Clara irlara, Saharar festa, anbulantzia bat ezagutuko dute eta suhiltzaileei bista egingo diete.
Hau guztia, Saharan bizi duten egoera pixka batean alde batera utzi eta udara era ezin hobean igaro dezaten.
Lehenengo urtea
Haurrak txokoetan utzi ostean, harrera familiekin hitz egiteko aukera izan dugu.
Gehienek esperientzia errepikatzen dute aurten eta badago familia bat lehenengoz Saharako haurra hartzen duena.
Marga da Fahdaren harrera ama, “lehenengo aldia da eta zail egiten ari zait, nire alabarekin ordea oso ongi moldatzen da haurra,” adierazi digu.
“Fahdak bederatzi urte ditu eta dagoeneko bere izaera du, horregatik erronka handia da niretzat,” gaineratu du.
Egitasmoari buruz nola jakin zuen galdetu eta “nire ilobak haurra ekartzen zuen Saharatik eta oso pozik zegoen. Ideia ona iruditu zitzaidan eta animatu nintzen.”
Sara eta Raquel ditugu beste bi harrera familietako kideak. Bigarren urtea dute biek eta bat datoz Margarekin lehenengo urtea zailena dena dioenean.
“Lehenengo urtea zail izaten da, lehenengo asteak batez ere. Herri berri batera iristen dira eta ez dute ezer ulertzen. Aldaketara ohitu arte behintzat zaila da,” aipatu du Raquelek.
“Niri aurten zail egiten zait, haur txikia dugu eta biak kontrolatu behar ditugulako, baina errepikatzeko esperientzia da,” azpimarratu du Sarak,
“Batzuk Saharan lehengusu edo lagunei entzundakoa dute buruan, hemen ongi pasatzen dutela eta gauzak ematen dizkietela eta hau paradisua dela usten dute,” aipatu digu. “Arazo gutxi izan ditugu haurrekin, baina haurraren izaera oso garrantzitsua da. Normalean errespetuz datoz eta hemengo ohituretara moldatzen dira,” gaineratu du.
Ekintzak
Sara harrera ama izateaz gain, Oporrak bakean egitasmoa bultzatzen duen Sahara herriaren lagunak taldeko kidea ere bada.
“Giroa egokia da haientzat, gainera medikuari bisita egiten diote, Udalak antolatutako txokoetan daude, Saharako egoera ahazteko modu bat da,” adierazi du Sarak.
“Txokoena oso ongi datorkigu bai haurrei, baita harrera familiei ere. Haurrak oso gustura daude, lasai dabiltza begirale eta beste haurrekin eta, gainera, haien hizkuntzan harremanak izateko aukera dute, herriarekin lotura mantentzeko,” azaldu du Sarak eta ”guri ere ongi datorkigu goiza libre izatea, etxeko gauzak edo erosketak egiteko. Haur gurekin balego, aspertuko litzateke,” aipatu du Raquelek.
“Aurten gainera igeriketa ikastaroa antolatu dugu, Udalaren laguntzaz,” aipatu du Sarak. “Igerilekua asko gustatzen zaie. Ez dute arriskurik ikusten eta beste haurrak bezala uretara botatzen dira, nahiz eta igeri egiten ez jakin,” azpimarratu du Raquelek.
Udaletxean harrera
Ostiralean, ekintza berezia izan zuten haurrek txokoen ostean, Udaletxean harrera.
Batzar aretoan, Ana Urchueguia alkatea eta Iñaki Mugika alkate ordeak hartu zituzten eta alkateak opariak, liburuak, motxila, etb. banatu zizkien.
Ostean, argazkia atera eta haurrak opariei begira zeudela, haiekin eseri eta hizketan egon zen.